Politika -
Kataluniako galdeketa
Mossoek ez dutela U-1eko galdeketa galaraziko ziurtatu du Fornek
Kataluniako Parlamentuak ezartzen duen araudia errespetatu behar dutela nabarmendu du Barne kontseilariak, eta Mossoek herritarren parte hartzea erraztuko dutela esan du.
Agentziak | Erredakzioa
Urriaren 1ean Katalunian independentziari buruz egin nahi duten galdeketa Esquadra Mossoek ez dutela galaraziko ziurtatu du igande honetan Joaquim Forn Kataluniako Gobernuko Barne kontseilariak. ?Ez dugu galdeketa galaraziko, guztiz kontrakoa egingo dugu: parte hartzea erraztuko dugu?.
El Punt Avui egunkari katalanak igande honetan argitaratutako elkarrizketa batean, Mossoek Kataluniako Parlamentuak ezartzen duen araudia errespetatu behar dutela ziurtatu du Fornek. Horren arabera, litekeena da Espainiako Gobernuak zailtasunak jartzea, eta erabaki horren berri dutenean egoera aztertuko dutela gaineratu du.
Era berean, Rajoyren Gobernuak ez lukeela Esquadra Mossoen eskumenak baliogabetzeko aukera baliatuko gaineratu du, prozesu hori osoa zaila izango litzatekeelako. ?Pertsona askok diote Espainiako Gobernuak bere gain hartuko dituela Kataluniako Gobernuaren eskumenak, salbuespen egoera ezarriko duela, Mossoei eskumenak kenduko dizkiela edota Millok (Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkaria) hauteskundeak aurreratuko dituela, baina ez da hain erraza izango?, erantzun du Fornek.
Albert Batlle Esquadra Mossoen zuzendariak dimisioa eman zuen astelehenean, "arrazoi politikoak" argudiatuta, Katalunian independentziari buruzko erreferenduma egiteko bi hilabete eta erdi falta direnean. Ildo horretatik, Mossoen arduradunen artean egonezinik ez dagoela azpimarratu du.
?Ez da mugimendu bat, erreferendum bat baizik?
Bestalde, Kataluniako Gobernuko Barne kontseilariak etsipena agertu du, urriaren 1ean egin nahi duten galdeketaren aurrean Ada Colau Bartzelonako alkateak agertu duen jarrera ikusita. Fornek horren harian nabarmendu duenez, ?galdeketa ez da mugimendu bat, erreferendum bat da?.
?Mugimendu bat dela esatea lekuz kanpo dagoela uste dut. Konpromisoak alde batera uzteko erabili ohi duen jarrera da?, gaineratu du Fornek.