Politika -
Kataluniako erreferenduma
Erreferenduma erabakigarria izango dela ziurtatu du Puigdemontek
Kataluniako presidenteak erantsi du parte-hartzea eta emaitza erabakigarriak izango direla, "eta hori geldiaraziko duen botere, lege edo erakunderik ez dago".
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemontek agindu du urriaren 1eko erreferendumean boto guztiak "erabakigarriak" izatea bermatuko duela Kataluniako Generalitateak eta, hortaz, erreferendumean parte hatzeko deia egin du.
Kataluniako erreferendumaren bermeak aurkeztu ditu gaur Puigdemontek. Kataluniako Gobernuko kontseilariak, Junts pel Siko diputatuak eta Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea izan dira ekitaldian.
Puigdemontek esan du erreferendumaren gakoak parte-hartzea eta emaitza izango direla, "eta hori geldiaraziko duen botere, lege edo erakunderik" ez dagoela.
Hori dela eta, urriaren 1eko erreferendumean parte hartzeko dei berezia egin die herritarrei, "amore ematen badugu, etorkizuneko belaunaldiek ordaindu beharko duten prezioa askoz altuagoa izango baita".
Ildo horretan, Puigdemontek agindu du erreferendumak berme guztiak izango dituela eta boto guztiak erabakigarriak izango direla. "Katalunia eredu izango da munduan", erantsi du.
Espainiako Estatuak jarriko dituen oztopoen harira, Kataluniako presidenteak esan du ez dela "trenen arteko talkarik" izango. "Estatuaren trena bazterrean geratuko da eta besteak aurrera egingo du", ziurtatu du. Areago, "independentziaren aurkako aukerak irabazten badu ere, aurrerantzean ezer ez da berdina izango", iragarri du.
Bestalde, Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde eta ERCko buruzagiak esan du erreferendumean "hauteslekuak, mahaiak, hautestontziak eta boto-paperak" izango direla. Erreferenduma egiteko "bermeak" izango direla esan du, baina ohartarazi du Estatua erreferenduma galarazten saiatuko dela eta horretarako eskura dituen "tresna legal guztiak" erabiliko dituela, "baina baita gerra zikina ere".
"Guk berme demokratiko guztiak jarriko ditugu herritarrek botoa eman dezaten eta erreferenduma demokraziaren adibide izan dadin; eta zilegitasun guztia dugu horretarako, Kataluniako herritarren % 80k bozkatu egin nahi dute eta udalen % 90ek erreferenduma babesten dute", azaldu du.
"Hobe da herri honen etorkizuna Kataluniako herritarren esku uztea, bozkatzea galarazi nahi digun Estatuaren esku geratzea baino; Estatuari bost axola zaio katalanok pentsatzen duguna eta ez du guk erabakitzerik nahi", nabarmendu du.
"Estatuak aski du 24 ordurekin erreferendumaren legea geldiarazteko"
Bestalde, Kataluniaren balizko independentzia aldarrikapena 48 ordutan egitea ahalbidetuko duen legearen harira, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak esan du Estatuak aski duela 24 ordurekin "helegitea aurkeztu eta aldarrikapena geldiarazteko".
"Generalitateak 30 egun eman ditzake orain Erreferendumaren Legearen xehetasunak azaltzen edo independentzia 48 ordutan aldarrikatzeko ahalmena izango duela esaten, baina Estatuak sarritan erakutsi du 24 ordurekin nahiko duela errekurtsoak aurkeztu eta legeak geldiarazteko", ohartarazi du.
"Kataluniako erreferenduma ez da egingo eta 48 ordutan ez da ezer gertatuko", azpimarratu du.