Politika -
Kataluniako erreferenduma
Kataluniako Erreferendumaren Legea, beste edozein arauren gainetik
Horrela adostu dute lege proposamena aurkeztu duten Junts Pel Sik eta CUPek. Urriaren 1eko erreferendumean baiezkoak irabazten badu, Parlamentuak independentzia aldarrikatuko du 48 orduko epean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2017ko urriaren 1ean independentziari buruzko galdeketa egiteko Kataluniako Erreferendumaren Legea aurkeztu dute gaur Junts Pel Sik eta CUPek, eta lege hori beste edozein arauren gainetik egongo dela adostu dute. Erreferendum Legearen arabera, urriko erreferendumean baiezkoak irabazten badu, Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatuko du 48 orduko epean eta, ezezkoa nagusituz gero, berriz, hauteskunde autonomikoak deituko ditu. Gainera, legeak ez du gutxienezko parte-hartzerik aurreikusten emaitza ontzat emateko.
Horrela azaldu dute Lluis Corominas eta Jordi Orobitg Junts pel Siko diputatuek Erreferendum Legea aurkezteko Kataluniako Parlamentuko auditorioan —Junts pel Sik eta CUPek deituta— eguerdian egin duten agerraldian. Ciudadanos, PSC, PP eta SíQueEsPot taldeak ez dira ekitaldian izan, baina Podem eta EUiA alderdien izenean hainbat ordezkarik parte hartu dute.
Azaldu dutenez, legeak subjektu politiko burujabetzat jotzen du Katalunia. Halaber, Parlamentuak, une oro, herriaren ordezkari eta bere eskubideen bermatzaile gisa jardungo du: "Lege honek errealitateari erantzuna emateko eta erreferendum loteslea egin ahal izateko salbuespenezko erregimen juridiko bat ezartzen du". 2010ean Nazioarteko Justizia Gorteak aitortu zuen autodeterminazio eskubidean oinarritzen da Erreferendumaren Legea.
Lege proiektua datozen asteetan eramango dute Kataluniako Parlamentura, eta onartuz gero, babesa eskainiko die erreferendumean parte hartzen duten autoritate eta pertsona fisiko zein juridikoei, Estatu espainiarraren ekinbide judizialengandik blindatuz.
Erreferenduma deitzeko dekretuaz gain, arau osagarrien beste dekretu bat onartuko dute; horrek erreferendumaren datu teknikoak arautuko ditu (materialak, botoa emateko guneak, kanpainaren datak, giza baliabideak eta baliabide teknikoak).
Bestalde, Hauteskunde Batzorde bat eratuko dute, eta Kataluniako Parlamentuak proposatutako bost kidez osatutako egongo da —juristak eta politologoak—.
Erroldari dagokionez, Kataluniako Gobernuak egingo du eta Hauteskunde Batzordeak bere onespena eman beharko dio. 2014ko azaroaren 9ko galdeketan ez bezala, hiritarrek ez dute aurrez horretarako baimenik eman beharko.
Gabriela Serra CUPeko diputataren esanetan, "burujabetza, desobedientzia eta erabaki" ekintza bat ez ezik, erreferenduma "loteslea" izango da.
Marta Rovira Junts pel Siko bozeramaileak azpimarratu duenez, Kataluniako Estatutuaren kontrako epaiaren ondotik, 1978ko markoarekin haustea esanahi du.