Politika -
Erreferenduma Katalunian
Madrilek udalei ohartarazi die ezin dutela erreferendumean parte hartu
Espainiako Gobernuak gogorarazi die Auzitegi Konstituzionalaren “hainbat ebazpenetan” agertzen dela kontsultak Konstituzioa urratzen duela.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Gobernuak gutuna bidali die Kataluniako udalei "Konstituzioaren eta Estatutuaren legedia errespetatzeko betebeharra" dutela ohartarazteko; hala, independentziari buruzko erreferendumaren antolakuntzan ezin dutela parte hartu adierazi die.
Roberto Bermudez de Castro Lurralde Administrazioetako Estatu idazkariaren izenean bidali dute gutuna Kataluniako 993 udaletara, eta gogorarazi diete Auzitegi Konstituzionalak "behin eta berriz ebatzi" duela kontsultaren aurka.
Hori dela eta, udaletako arduradun ekonomiko eta juridikoei zuzendu zaizkie laguntza eske, Konstituzioa bete dadin eta "funts publikoak modu egokian" erabil daitezen.
Gutunaren hasieran Puigdemonten deialdia agertzen da, urriaren 1ean Kataluniaren independentziari buruz egitekoa den erreferendumaren deialdia.
Mariano Rajoy buru duen Gobernuak azaldu duenez, "Generalitateak udalen esku utzi nahi du erreferendumaren antolaketaren ardura handi bat", eta kontsultak Konstituzioa eta Autonomia Estatutua urratzen ditu.
Espainiako Gobernuaren esanetan: "Konstituzionalak Kataluniako prozesu eratzailea debekatu du hain zuzen ere, eta erreferenduma prestatzeko edozein ekitaldi ere bai".
Gutuna 500 biztanletik gorako udaletako idazkari nagusiei eta kontu-hartzaileei bidali diete, eta 500 biztanletik beherako udaletan, bi ardurak beregain hartzen dituen langileari.
Gutunaren amaieran laguntza eskaintzen die funtzionario horiei izan ditzaketen "zalantzen" aurrean, Konstituzionalaren "ohar etengabeak" direla eta.