Politika -

Noos auzia

Urdangarinen zigorra 14 urte eta erdira igotzea eskatu du fiskalak

Ministerio publikoak zigorra murriztea eskatu duela zabaldu da hasieran, baina ondoren baieztatu denez, kartzela zigorra 6 urtetik 14 urte eta erdira igotzea eskatu du Fiskaltzak.

Iñaki Urdangarin. Artxiboko argazkia: EFE
Iñaki Urdangarin. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Goreneko Fiskaltzak kasazio helegitea aurkeztu du gaur Balear Uharteetako Probintzia Auzitegiak Noos auzian emandako epaiaren aurka eta, besteak beste, Iñaki Urdangarinen kartzela zigorra 14 urte eta sei hilabetera gehitzea eskatu du, hasiera batean zigorra murriztea eskatu duela zabaldu bada ere. Palmako Auzitegiak sei urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion Iñaki Urdangarini, baina orain Auzitegi Goreneko Fiskaltzak zigorra zortzi urte eta hiru hilabetean handitzea galdegin du.

Fiskalaren iritziz, 2006ko Illes Balears Forum turismo eta kirol foroaren antolakuntzagatik ez ezik, 2005ekoagatik ere zigortu behar zuten Urdangarin. Fiskalaren esanetan, Iñaki Urdangarin eta haren bazkide zen Diego Torres baliabide publikoez bidegabe jabetu ziren eta, beraz, baliabide publikoak bidegabe erabiltzearen delitua leporatu ahal zaie.

Gainera, 2005eko Forum foroaren antolakuntzari dagokionez, prebarikazio delituagatik, dokumentu publikoak faltsutzeagatik eta ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatik ezarritako zigorra 2 urte eta 8 hilabetetik 4 urte eta 6 hilabetera igotzea eskatu du.

Maria Angeles Garrido fiskalaren esanetan, administrazioari iruzurra egiteagatik jarritako zigorra zazpi hilabetetik bi urtera igo beharko litzateke.

Fiskalak kartzela eskatu du Valentziako adarrean absolbitutako bi pertsonarentzat

Goreneko Fiskaltzak bost urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du Jorge Vela eta Elisa Maldonadorentzat, Noos auziko Valentziako adarrean absolbitutako bi pertsonarentzat. Gainera, Luis Lobon Valentziako Erkidegoko Turismo idazkari ohiari bederatzi urteko gaitasungabetzea eta Jose Luis Aguilar CACSAko zuzendari ohiari, berriz, zazpi urteko gaitasungabetzea ezartzea eskatu du. Laurak eta Alfonso Grau Valentziako alkatea absolbitu egin zituen Palmako Auzitegiak, hamaika urteko eskariari aurre egin bazioten ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Cristina infanta Politika Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Gaurko azken orduko albistea