Politika -

Mobilizazio nazionala

Gure Esku Dagok mugarria ezarri nahi du gaur erabakiaren bidean

Erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak mosaiko erraldoia antolatu du batetik, eta Herritarron Itunaren aurkezpena, bestetik.

Donostian egindako mosaikoa. Argazkia: GED Flickr
Donostian egindako mosaikoa. Argazkia: GED Flickr
Donostian egindako mosaikoa. Argazkia: GED Flickr

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak "mobilizazio nazional handia" antolatu du gaur Bilbon. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, "orain arte inoiz ikusi ez den galdera ikur erraldoia" osatuko dute.

Plataformak joan den astean ohar batean azaldu zuenez, "urteotan olatuz olatu eta herriz herri pilatutako borondateek eta konpromisoek bat egingo dute Bilbon egun horretan, mezu bat zabaltzeko lau haizetara: euskal herritarrok prest gaude erabakitzeko".

Gure Esku Dagok parte hartze handia espero du gaur Bilbon antolatutako ekimenean. Azken lau urteotan erabakitzeko eskubidearen alde lortutako borondateak eta konpromisoak erakutsi nahi dituzte. 17:30ean hasiko da.

500 boluntario baino gehiago arituko dira lanean gaur. Goizean goiz hasi dira ekitaldiaren lekua prestatzen. Aurreikuspenen arabera, jendea 16:00etan hasiko da Euskadi plazara, Elkano kalera eta plaza Eliptikora iristen.

Mosaikoa eta Herritarron Itunaren aurkezpena

Mobilizazioak bi ekitaldi nagusi izango ditu: lehenik eta behin, mosaikoa galdera ikur erraldoia osatuz, 17:30ean, eta Herritarron Itunaren aurkezpena, 18:10ean. Streamingez ere jarraitu ahal izango dira, joateko aukerarik ez dutenek zuzenean ikusi ahal izateko.

Beraz, 17:30ean hasiko dira galdera ikurra osatzen. Aldi berean, hautetsontzi bat eramango dute plaza Eliptikotik Euskadi plazara, agertokia dagoen tokira. Nafarroako Gure Esku Dago plataformako kideek eramango dute, ekainaren 18an 24 herritan galdeketak antolatu baitituzte.

Ondoren, Herritarren Ituna ekitaldi nagusian aurkeztuko dute, baita aurrerantzean dituzten erronka nagusiak ere. Hainbat gonbidatuk ere hartuko dute parte: Jordi Cuixart Kataluniako Omniun Cultural erakundeko presidentea, besteak beste. Halaber, Ainhoa Vitoria, Galder Perez eta Julen Telleria arituko dira aurkezle lanetan.

16:30etik 17:00etara, Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas GED plataformako bozeramaileek zein Jordi Cuixartek adierazpenak egingo dituzte plaza Eliptikoan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Gure Esku bideoak Eguneko albisteak