Politika -
Ererakzioak katalunian
ANCren aburuz, erreferendumak 'guztia aldatuko du'
Bere aldetik, Kataluniako Ciudadanos, PSC eta PPC alderdiek gogor kritikatu dute galdeketaren data eta galdera zehazteko Puigdemontek hartutako erabakia.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Biltzar Nazionalak (ANC) poza agertu du Kataluniako Gobernuak eta alderdi independentistek "euren konpromisoa bete eta erreferendumaren data eta galdera jakinarazi dutelako"; ANCren aburuz, erreferendum horrek "guztia aldatuko du".
Izan ere, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak ostiral honetan plazaratu duenez, 2017ko urriaren 1ean Generalitateak erreferenduma planteatuko die katalanei, honako galdera honi erantzuteko: 'Nahi duzu Katalunia estatu independente izatea errepublika gisa?'
ANCk espero du "ahalik eta azkarren jakitera ematea deialdi ofiziala, errolda eta guztia aldatuko duen bozketaren xehetasun oro".
"Kataluniako herritar guztiek duten botoa emateko eskubidearen alde egongo gara, eta eskubide hori behar denean eta behar den lekuan defendatuko dugu, 'bai' zein 'ez' bozkatu, eta sendotasun berarekin defendatuko dugu emaitza ere", erantsi du.
Oposizioa, oso kritiko
Kataluniako Ciudadanos alderdiko burua eta Kataluniako legebiltzarrean oposizioaren bozeramailea den Ines Arrimadasek kritikatu egin du Puigdemont presidentea "2014ko denboraren makinan" sartu izana, "egingo ez den legez kanpoko" beste galdeketa batekin. Beraz, "gaur atzo baino gertuago gaude" beste hauteskunde autonomiko batzuetatik.
Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiak erreferendumaren data plazaratzeko gaurko agerraldia "arranditsua" izan dela aurpegiratu dio Puigdemonti, "serioa" izan beharrean. Erantsi duenez, aipatu erreferenduma "ez da egingo" eta ez darama inora. Azkenik, Espainiako eta Kataluniako gobernuen artean elkarrizketa egon dadila eskatu du.
Xavier Garcia Albiol PPCko buruaren esanetan, Puigdemont "iruzurtia" eta "komediagile profesionala" da; izan ere, uste du erreferenduma "antzezlan" bat dela, eta hauteskunde batzuetan hautetsontziak jartzera desafio egin dio.
JxSi eta CUP alderdien babesa
JxSi (PDeCAT eta ERC) eta CUP alderdietako diputatuek babesa eman diote gaur Kataluniako Gobernuari erreferendumaren data eta galdera jakinarazteko egin duten ekitaldian. JxSi alderdiko ia guztiak eta CUPeko gehienak egon dira bertan.