Politika -
Mobilizazio nazionala
Ekainaren 10ean Bilbora joateko deia egin du Gure Esku Dagok
Bilbon izango den ekimen handian parte hartzera herritarrak animatzeko asmoz, mosaiko txikiak egin dituzte galdera ikurra osatuz hainbat udalerritan.
EITB.EUS
Datorren ekainaren 10ean Bilbon izango den erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimen handian parte hartzera animatu ditu herritarrak Gure Esku Dago plataformak. Horretarako, mosaiko txikiak egin dituzte igande honetan, galdera ikurra osatuz, hainbat udalerritan, ekainaren 10ean egingo duten mosaiko erraldoiaren aurrekari gisa.
Gure Esku Dagok ohar baten bidez azaldu duenez, "urteotan olatuz olatu eta herriz herri pilatutako borondateek eta konpromisoek bat egingo dute Bilbon egun horretan, mezu bat zabaltzeko lau haizetara: euskal herritarrok prest gaude erabakitzeko".
Aurreikusita dagoenez, egun hartan gainera "Herritarron Ituna" aurkeztuko dute. Gure Esku Dago herri-plataformak azaldu duenez, "itun demokratiko horrek jasoko ditu Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen inguruan gaur arte lortutako adostasunak eta erabakiaren oinarriak".