Politika -

Mobilizazioak

Presoen egoera konpontzeko irtenbide bat aldarrikatu du Kalera Kalerak

'Maite zaituztegu' lemapean, mila pertsona baino gehiagok hartu dute parte presoei babesa adierazteko Espainiako eta Frantziako sei kartzelatako atarian egindako martxetan.

Kalera Kalera ekimena. EiTB
Kalera Kalera ekimena. EiTB
Sei espetxeetako presoei elkartasuna adierazteko ekintza antolatu dute

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Euskal presoen egoera" konpon dadin aldarrikatu dute Sortuko ordezkariek gaur, ETA armagabetu ostean aitzakiarik ez dagoela argudiatuz. Mila pertsonak baino gehiagok hartu dute parte, presoei elkartasuna adierazteko Frantziako eta Espainiako sei kartzelatara egindako martxetan.

Kalera Kalera dinamikak deituta, 12:00etatik aurrera 'Maite zaituztegu' lemapean egin dituzte mobilizazioak. 25 autobus abiatu ziren bart, Espainia eta Frantziako sei espetxetara joateko: Curtis, Picassent, Puerto de Santa Maria, Roanne, Fleury eta Saint Maur.

"Presoek bizi duten egoerarentzat berehalako irtenbidea" aldarrikatu du Kalera Kalerak ekimen honekin. Batez ere, "gaixo larri" dauden presoak eta "espetxean denbora gehien" daramatenak aipatu dituzte. Gainera, "kartzela politika krudelaren amaiera" ere eskatu dute.

Puerto de Santa Marian, Ibon Arbulu Sortuko buruzagietako batek hitz egin du, "presoak kalera irtetea" aldarrikatzeko. "Hori lortzeko borrokan" jarraituko duela berretsi du.

Fleuryn, berriz, Gotzon Elizburu Sortuko kideak hartu du hitza, "apirilaren 8ko armagabetzearen ostean, aitzakiarik ez dagoela" esan eta presoen egoera konpondu behar dela nabarmentzeko. "Ezin da normalizazio politikoaz mintzatu, kartzeletan ehunka preso dauden bitartean", adierazi du.

Elizbururen iritziz, "presoen, gizartearen eta erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da, egoera larri honi konponbidea bilatzeko". "Estatuak indartsuak diren arren, ez dira garaiezinak", gaineratu du. Ezker abertzaleko beste zenbait ordezkari izan dira mobilizazioetan: Juan Mari Olano, Lur Artazu, Mikel Urdangarin (Ernai) eta Goizane Pinedo (LAB), besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Presoak argazkiak Albisteak