Politika -
Ekaineko Biltzarrera begira
EAko hainbat militantek Urizar babestu eta hautagai izan dadila eskatu dute
Beren aburuz, 'Euskal Herrian gertatzekoak diren gauza handien protagonista nagusietakoa izan behar du'.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Alkartasunako hainbat militantek agerraldia egin dute larunbat honetan Gasteizen, eta Pello Urizarrenganako eta berak alderdiaren idazkari nagusi gisa egindako lanarekiko daukaten "miresmena eta harrotasuna" adierazi dute. Horrez gain, "pausu bat aurrera" eman dezala eta ekainaren 3an eta 4an, Donostian, EAk egingo duen Biltzarrera begira berriro ere hautagai izan dadila eskatu diote. Izan ere, uste dute "Euskal Herrian gertatzekoak diren gauza handien protagonista nagusietakoa" izan behar duela.
Pello Urizarren zuzendaritzaren lanarekin konforme ez dauden EAko sektore kritikoak 'Alkartasuna 2017' agiria aurkeztu zuten duela aste batzuk Bilbon. Bertan, primarioak egitea eskatzen dute ekaineko biltzarrean hurrengo idazkari nagusia hautatzeko bide gisa. Gainera, hautagai bat aurkeztuko zutela jakinarazi zuten "barne demokraziarik ez" zegoela argudiatuta. Kritiko agertu ziren ere EH Bilduren barruan ematen ari den "funtsezko eztabaidetan" parte hartu ahal ez izateagatik. (EH Bildu koalizioa Sortu, Aralar, Alternatiba eta EA alderdiak daude, eta birsortze prozesu batean murgilduta dago).
Gasteizko Aihotz plazan EAko hainbat militante bildu dira (besteak beste, Eva Blanco eta Leire Pinedo legebiltzarkideak, Antxon Belakortu eta Mikel Oraa zinegotziak), eta alderdiko idazkari nagusi Pello Urizarren aldeko adierazpen bat irakurri dute.
Bertan, bere idazkari nagusiak egindako lanarekiko "miresmena eta harrotasuna" agertu dute "Euskal Herrian gertatu diren eta herri honentzat funtsezkoak, beharrezkoak eta onak izan diren aldaketa guztietan"; euren iritziz, Urizarrek "Euskal Herrian gertatzekoak diren gauza handien protagonista nagusietakoa izan behar du. Gizarte honen eta herri honen etorkizunari aurre egitea ahalbidetuko duten funtsezko aldaketez ari gara hitz egiten".
Horregatik, eta "beste arrazoi askogatik" larunbat honetako ekitaldira bertaratu direnek eta "EAko ehunka militante gehiagok, zein milaka euskal herritar progresista eta subiranozalek" EAko egungo idazkari nagusiari "pausu bat aurrera" eman dezala eskatu diote, eta, horrenbestez, datorren ekainaren 3tik 4ra bitartean, Donostian egingo den ohiko biltzarrera begira berriro ere hautagai izan dadila nahi dute.
Aberasturik EAren "ahalmen ideologikoa" ekarri nahi dio Eh Bilduri, "indartsuagoa" izan dadin
Bere aldetik, Iratxe Lopez de Aberasturik, Eusko Alkartasunako agintaria eta EAko alderdi kritikoaren bozeramailea denak, Iruñean gaur adierazi duenez, bere alderdiak duen "ahalmen ideologiko eta eskarmentu guztia" ekarri behar dio EH Bilduri, horrek koalizio "are indartsuagoa" bihurtuko baitu.
Bere iritziz, "hazten jarraitzea eta gero eta jende gehiagorengana iristea" izan behar dute EH Bilduk etorkizunera begira izan behar dituen "erronkak". Bestalde, uste du "aniztasuna eta ikuspegi desberdinen artean elkarlanean aritzea" direla EH Bilduk daukan gauzarik eta baliogarriena.