Politika -
Barne eztabaida
Lopez de Aberasturik baztertu egin du EAn haustura arriskurik dagoenik
Kazetarien aurrean esan duenez, ezin daiteke hausturaz hitz egin, baldin eta alderdi politiko baten barruan 'benetako' barne demokrazia badago.
Agentziak | Erredakzioa
EAko egungo zuzendaritzarekin bat egiten ez duen sektore kritikoaren bozeramailea den Iratxe Lopez de Aberasturik baztertu egin du gaur bere alderdia hausteko arriskurik dagoenik, eta kongresua egin aurretiko prozesuan eman ohi diren "ikuspegi desberdinen" barruan kokatu ditu zuzendaritzarekin dituen "desadostasunak".
Kazetarien aurrean esan duenez, ezin daiteke hausturaz hitz egin, baldin eta alderdi politiko baten barruan 'benetako' barne demokrazia badago.
"Gehiengo sozialarena den proiektua bat mahai gainean jartzeagatik haustura arriskua dagoela esaten bada, boikotei buruz hitz egiten bada, uste dut alderdian zerbait ondo funtzionatzen ari ez dela aztertu beharko genukeela", nabarmendu du Aberasturik Donostian, emakume politikoaren ahalduntzeari buruzko jardunaldi batean parte hartzen zegoela.
Azpimarratu duenez, "agerikoa da" EAren gehiengo soziala alderdien arteko koalizio baten aldekoa dela, EH Bilduren aniztasuna bermatze aldera, eta ez dituela Zuzendaritza Nazionalak orain arte emandako urratsak babesten.
"530 sinadura jarri ditugu Zuzendaritza Nazionalaren mahai gainean martxoaren hasieratik, auzi hau kongresura eraman dadila eskatzeko", adierazi du Aberasturik. Berak ordezkatzen duen sektorea beldur da EH Bildu berrian ezker abertzaleak ez ote duen EA fagozitatuko.
Baieztatu duenez, kritikoak (tartean Maiorga Ramirez, Koldo Amezketa eta Miren Aranoa, edo alderdiko presidente izandako Unai Ziarreta) "ilusio" handia ari dira pizten eta "atxikimendu ugari" jaso dituzte.
Ez dio garrantzirik aitortu zerrenda bat baino gehiago aurkezteari. "Egin behar dena da ahalik eta pertsonarik hoberenekin osatutako taldea aurkeztu, herri hau biderik egokienetik gida dezaten, Euskal Herriko gizon eta emakumeak hobeto bizi daitezen lortzeko".
Bere esanetan, "EAk erabateko gardentasuna eta barne demokrazia izatea" da kritikoek defendatzen dutena.
"Afiliatuek parte hartu ahal izan dezagula; izan ere, ez digute galdetu gairik garrantzitsuenen gainean, eta hori ezin daiteke horrela izan", erantsi du.