Politika -
Dirua Andorran
Pujoldarrek 'justifikatu' gabeko 69 milioiko etekinak dituzte
Horixe ondorioztatu du Poliziak. Kopuru horretatik 54,5 milioi Jordi Pujol semearenak omen dira, ustezko iruzurgile familiaren "burua"renak.
agentziak | erredakzioa
Pujol-Ferrusola sendiak 69 milioi euroko "etekin ekonomiko justifikatu gabea" pilatu zuen 1990etik Andorran. Orduan hasi omen ziren "jatorri ezezaguneko dirutza handiak" ezkutatzen, "ordenatutako eta aurrez pentsatutako plan baten" baitan.
Horixe agertzen da Espainiako Poliziaren UDEF sailak egindako txostenean. Hala, Poliziak uste du Pujol familiaren jarduna talde kriminal delituaren barruan sar daitekeela, Jordi Pujol Ferrusola seme zaharrenak zuzendaritzapean "ustez legez kanpokoa zen jarduera aurrera eramaten zuen talde antolatu moduan" aritzen zirela iritzita.
UDEFek uste du dirua zuritzearen "azken helburua" dibisa ezberdinetan "justifikatu gabeko etekin ekonomikoa" lortzea zela, eta tartean sartu ditu gurasoak, zazpi anai-arrebak, eta Jordi Pujol Ferrusolaren emazte ohia.
69 milioi euro horietatik zati handiena, 54,5 milioi euro hain zuzen ere, seme zaharrenari dagozkio.
Kataluniako presidente ohiak, berriz, 2,84 milioi euro pilatu zituen Andorran, eta horren emazteak, Marta Ferrusolak, 683.139 euro.
Familia elkarlanean aritzen zela azpimarratu duen arren, UDEFek uste du Jordi Pujol "Junior" zela taldearen "burua", bankuetako kontuetan bere izena agertzen zelako eta jatorri ezezaguneko dirua "jasotzeko, bankuan sartzeko eta ateratzeko" ardura bere gain zuelako.
Poliziaren arabera, Pujol-Ferrusola familiaren jarduna ez zen justifikatu gabeko dirua Andorran ezkutatzera mugatzen, baizik eta herrialdea "operazio base" bihurtu zuten beste herrialde batzuetan negozioak egiteko, tartean paradisu fiskaletan.
Pujoldarren operazioak aztertu ostean, Poliziak ondorioztatu du "antolatutako talde gisa" jokatzen zuela familiak 1990etik, ustez legez kanpokoa zen jarduera bat aurrera eramateko.
"Ama nagusia"
Marta Ferrusola Kataluniako presidente ohiaren emazteak "ama nagusi" ezizena erabiltzen zuen Reig bankuari (orain Andbank) Andorrako kontuetan mugimenduak agintzeko, Europa Press-ek sumarioan oinarrituta jakinarazi duenez.
"Mosen agurgarria. Kongregazioko ama nagusia naiz. Nire liburutegiko bi meza-liburu parrokiako kapilauaren liburutegira eraman nahiko nituzke. Berak esango dizu non jarri behar diren. Eskerrik asko", ageri da Ferrusolak 1995eko abenduaren 14an eskuz idatzitako testu batean.