Politika -
Gernika
Biktima guztiak errespetatuko dituen prozesua aldarrikatu du Foro Sozialak
Horretarako, gogoetarako prozesua abiatuko dutela iragarri dute, dinamikak eta proposamenak egin eta 'biktimen mapa integrala' osatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Foro Sozial Iraunkorrak Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena aukeratu du bizikidetza eraikitzeko prozesuari buruzko jardunaldia antolatzeko. "Hemen 1937an bizitako gatazkak garbi erakutsi zuen zer ez den egin behar", azaldu dute Foroko ordezkariek.
Hala, armagabetzea amaituta, Foro Sozial Iraunkorraren helburua "biktima guztiak errespetatuko dituen bizikidetzaren oinarriak" sortzea dela berretsi dute. Zentzu horretan adierazitakoaren arabera, gizarte zibilari dagokio bizikidetza eraikitzea, erakundeekin elkarlanean.
Horretarako, gogoetarako prozesua abiatuko dutela iragarri dute, dinamikak eta proposamenak egin eta "sufrimenduaren mapa integrala" osatzeko. Gaur eman dituzte lehen urratsak Gernikan.