Politika -
Miaketen ostean
Marta Ferrusolak zuen Andorrako diruaren gaineko kontrola, epaileak dioenez
Jose de la Mata ANeko epaileak dioenez, Generalitatearen presidente ohiaren emazteari egotzi dio kontu korronteen kontrola izatea.
agentziak | erredakzioa
Marta Ferrusola Jordi Pujolen emazteak zuen Pujoldarrek Andorran zituzten kontu korronteen gaineko kontrola, Jose de la Mata Auzitegi Nazionaleko epailearen iritzian.
Hala adierazi zuen Auzitegi Nazionaleko 5 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko buruak asteartean idatzitako autoan, Europa Pressen arabera. Epaileak, gainera, senar-emazteen lau jabegotan miaketak egitea agindu zuen, hain zuzen, Poliziak asteazkenean egin zituenak. Jordi Pujol Ferrusolak Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen herenegun eta, ondoren, kartzelara bidali zuten.
Fiskaltzak entregatutako dokumentazioa aztertu eta gero atera ditu kontuak epaileak. Horren arabera, banku-kontu batean eragiketa bat egiteko eskari bat ikusita ondorioztatu daiteke Generalitateko presidente ohiaren emazteak zuela diruaren kontrola.
Hala izan zen, gutxienez, "horietako guztiek kontuak zabaldu zituzten bitartean, eta Andorrak eman zuen horren berri", autoak dioenez. De la Mataren arabera, justifikatuta dago miaketak egitea biek dituztelako Andorrako kontuak kudeatzeko botereak eta oraindik "ez dute argitu zen den (diruaren) jatorria".