Politika -
Lezo auzia
Rajoyren babesa dute Rafael Catalak eta Juan Ignacio Zoidok
Parlamentuak eskatuz gero, ikerketa batzordean PPren finantziazioaz aritzeko agerraldia egiteko prest dagoela gaineratu du Espainiako Gobernuko presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mariano Rajoy presidenteak babesa erakutsi die Barne eta Justizia ministroei, Juan Ignacio Zoidori eta Rafael Catalari, horiek edo horien gertukoek Lezo auzian nahasi dituzten pertsonekin izan duten lotura aztertzen ari direnean. Parlamentuak eskatuz gero, ikerketa batzordean PPren finantziazioaren dagoela gaineratu du Espainiako Gobernuko presidenteak.
RNEk esan duenez, Montevideorako bidaiaren berri ematen ari diren kazetariekin izandako elkarrizketa informal batean hitz egin du Rajoyk kasu horren inguruan lehenengo aldiz. Zoido eta Catala kargua utzaraztera behartuko ez dituela adierazi omen du.
Oposizioak azalpenak eskatu ditu Catalak Gonzalezi bidalitako mezu baten inguruan. "Ea kontua laster konpontzen den" irakur daiteke bertan, baina justizia alorreko gaiei buruz barik herrialdeko egonkortasun politikoari buruz ari zela esan du ministroak. Catalaren esanetan, Justizia ministro izendatu zutenean Madrilgo presidente ohiak zorionak emateko bidali zion mezuari erantzunez bidali zion mezua. Barne Ministerioko buruaren kasuan, Zoidoren 'bigarrenak', Jose Antonio Nietok, Gonzalezen anaiarekin (espetxean dago) izan omen zuen bilera batek eragin du ika-mika. Nietok esan duenez, protokolozko bilera izan zen.
Gobernuburuak kazetariei Uruguain esan dienaren arabera, Lezo auziak argi uzten du "egiten duenak ordaindu egingo duela". Erabaki judizialak errespetuz hartzen dituela gaineratu du Rajoyk, eta politikari gehienak zintzoak direla azpimarratu, eta kasuak Espainiako Gobernuaren egonkortasunari kalterik ez egitea espero duela azaldu du.
Espainiako presidenteak ez du Ignacio Gonzalezi buruz hitz egin nahi izan, eta Madrilgo PPko eta Madrilgo Autonomia Erkidegoko presidente izan zenak, Esperanza Aguirrek, Madrilgo Udaletxeko PPren bozeramaile gisa dimisioa eman izana errespetatzen duela esan du.