Politika -
'Lezo polizia operazioa'
Ignacio Gonzalezek dirua zuritzeko egitura bat proposatu zion Zaplanari
Eduardo Zaplana ministro ohiak, ordea, ukatu egin du Ignacio Gonzalezekin 'elkarteren bat edo merkataritza arloko harremanen bat' eduki izana.
Agentziak | Erredakzioa
Ignacio Gonzalez Madrilgo Erkidegoko presidente ohiak "atzerrian finantza-egitura opakua" sortzea proposatu zion Eduardo Zaplana ministro ohiari, "epe ertainean edo luzean eragiketaren bat bideratzeko".
Eloy Velasco epaileak Ignacio Gonzalezen aurkako espetxeratze autoan baieztatu duenez, Gonzalezek egitura bat sortzea proposatu zion Zaplanari Uruguaiko abokatu baten bidez. Holandan, AEBn edo Uruguain egiturak errazten zizkien bezeroei abokatu horrek, Efe agentziak epailearen txostenean ikusitako informazioaren arabera. Antza denez, Guardia Zibilaren UCO taldeak zulatutako dei batean egin zion proposamena Gonzalezek Zaplanari.
Horrez gain, Velascoren esanetan, Gonzalezek eta Zaplanak abokatu horrekin zerikusia zuen enpresa bat erosi zuten erdi bana. Antza denez, ura desinfektatzeko produktu baten patentea zuen konpainia hark.
Buruturiko ikerketak, era berean, "agerian utzi du Madrileko Erkidegoko presidente ohiak enpresa opakuen edo izen-mailegatzaileen bidez dirua inbertitzeko asmoa zuela", gaineratu du epaileak.
Hala, konfiantzazko notario batekin egiten zuen beti lan, eta bestelako bitarteko batzuk ere erabiltzen zituen. Beraz, "ez dakigu nola inbertitu zuen azkenean Zaplanarekin", azaldu du autoan.
Dokumentuaren beste atal batean ere aipatu du Zaplana, Gonzalezek haren eragina erabiltzeko asmoa zuela erakutsi baitzuen enpresa gizon batek Espainiako Defentsa Ministerioarekin zuen auzi batean.
Eduardo Zaplanak ukatu egin du Ignacio Gonzalezekin merkataritza harremanen bat eduki izana
Eduardo Zaplana ministro ohiak, ordea, ukatu egin du Ignacio Gonzalezekin "elkarteren bat edo merkataritza arloko harremanen bat" eduki izana.
Efe agentziari adierazi dionez, "inoiz ez dut delitu batean parte hartu, ezta inori lagundu ere".