Politika -
A9-ko epaia
13 hilabeteko gaitasungabetzea Homsi, desobedientzia egotzita
Prebarikazio delituaz absolbitu du, ordea, Auzitegi Gorenak. "Gure ideiengatik zigortu gaituzte, ez dagokio zuzenbide Estatu bati, ezta Estatu demokratiko bati ere", erantsi du.
Agentziak | Erredakzioa
A9ko galdeketarengatik abiatutako auzian, urtebete eta hilabeteko gaitasungabetzea ezarri dio Auzitegi Gorenak Francesc Homs Kataluniako Presidentetza kontseilari ohi eta PDeCAT alderdiko diputatuari. Gaitasungabetzeaz gain, 30.000 euroko isuna ezarri dio Gorenak.
Auzitegi Konstituzionalak ezarritako debekuari entzungor egin, eta desobedientzia delitu batez errudun jo du epaimahaiak. Prebarikazio delituaz absolbitu egin du, ordea.
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Artur Mas Generalitateko presidente ohiari gertaera berarengatik ezarritako zigorra baino txikiagoa jarri dio Gorenak Homsi, baina ildo bera jarraitu du: desobedientzia delituagatik zigortu du eta prebarikazio delituagatik, berriz, absolbitu.
Manuel Marchena Salako presidenteak irakurri du epaia, eta desobedientzia delituak prebarikazio delitua xurgatzen duela arrazoitu du.
Ondorioz, urtebete eta hilabeteko epean ezingo du kargu publikorik eduki eta ezta estatu, autonomia edo udal mailako gobernuetan kargurik izan. Homsek babes helegitea aurkeztuko du Auzitegi Konstituzionalean. Epaia irmoa denean, Gorenak Ana Pastor Espainiako Diputatuen Kongresuko presidenteari igorriko dio Homsen gaitasungabetzea gauzatu dezan.
"Gure ideingatik zigortu gaituzte"
Epaia gorabehera, Homsek ziurtatu egin du Kongresuan jardunean jarraituko duela "bota arte", eta aurreratu du helegitea aurkeztuko duela Auzitegi Konstituzionalean eta, bitartean, zigorra aplikazioa bertan behera eskatuko diola Gorenari.
Homsek agerraldia egin du PDeCATen egoitzan, A9ko hautestontzi bat ondoan dutela, Artur Mas Kataluniako presidente ohi eta Irene Rigau kontseilari ohiarekin batera.
Politikari katalanak adierazi duenez, "hanka-sartzea ez ezik, Estatu espainiarraren porrotaren erakusle ere da epaia". Prozesuaren "intentsitate eta babes zabalaren" aurrean, erantzuna "zigorra eta politikariak baztertzea" izan da.
Hala, azpimarratu duenaren arabera, "epai politikoa izan da demofobia duen Estatu baten mesedetan egindakoa". Homsek dio agerikoa dela auzitegiari asmoa "igartzen zaiola".
"Gure ideiengatik zigortu gaituzte, ez dagokio zuzenbide Estatu bati, ezta Estatu demokratiko bati ere", erantsi du.