Politika -
ETA-ren armagabetzea
Rajoy: ‘Armak entrega ditzala eta desegiteko urratsa eman dezala’
Espainiako Gobernuak hasieratik izandako jarrera izango duela azpimarratu du, "legea guztiontzat berdina baita".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak emandako hitza bete dezala esan dio ETAri. Ildo horretatik, “armak entrega ditzala” exijitu dio, “eta, bide batez, desegiteko urratsa eman dezala” eskatu dio.
Apirilaren 8an ETA “erabat armagabetuta” egongo dela zabaldu ostean, Mariano Rajoyk bere iritzia eman du Madrilgo PPko Biltzarraren irekiera ekitaldian.
“Alde bakarretik armak entregatzeko erabakia hartu du ETAk. Hala egin dezan, eta, bide batez, desegiteko urratsa eman dezala”, esan du Rajoyk. “Espainiako Gobernuak beti egin duen gauza bera egingo du, legea guztiontzat berdina baita” gaineratu du.
"Hasieratik posizio tinko eta sendoa"
Espainiako Gobernuko bozeramaileak, Iñigo Mendez de Vigok, ostiral honetan esan duenez, apirilaren 8a baino lehen ETAk armagabetuko delako iragarpenarekin ez du "espekulatuko" Mariano Rajoyren Gobernuak. "Espainiako Gobernuaren iritzia oso argi dago, ETAk bi gauza egin behar ditu: armagabetu eta desegin", esan du Ministroen Batzarraren ostean egindako prentsaurrekoan horren inguruan galdetu zaionean.
"Orain dela sei urtetik hona, ez da ezta zentimetro bat ere mugitu" Espainiako Gobernuaren posizioa. Zehazki, PP Gobernura iritsi zenetik, 2011ko urriaren 20an ETAk indarkeria utziko zuela esan zuen ondoren.
"Espainiako Gobernuak ez du talde terroristen nahi eta desioei buruz inoiz espekulatzen", adierazi du Mendez de Vigok Moncloa Jauregitik bere hitzetan "filtrazioak" direnekoei buruz hitz egin duenean.
"Oraindik ez da ezer gertatu", dio, eta Mariano Rajoyren Gobernuak, espainiarren gehiengoaren babesarekin," hasieratik izan du posizio tinko eta sendoa".
ETAko presoen gerturatzearen inguruan galdetu diotenean, kontua eskatu du Mendez de Vigok. "Komunikatuak zer dioen, zer zehazten duen, ikustera itxarongo dugu", azpimarratu du Hezkuntza, Kultura eta Kiroletako ministroak. "Ez dugu ezta zentimetro bat ere mugitu", gaineratu du.