Politika -
Kataluniako Auzitegi Nagusia
A9ko auziagatik bi urteko gaitasungabetzea ezarri diote Artur Masi
Desobedientzia delitua egotzita, Joana Ortega presidenteordea izandakoari 21 hilabeteko zigorra ezarri dio epaimahaiak, eta Irene Rigauri, 18 hilabetekoa. Prebarikazio delituagatik errugabetu ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Artur Mas Kataluniako presidente ohiak ezingo du bi urtez kargu publikorik eduki. Desobedientzia delitua egotzita, zigor hori ezartzea erabaki du gaur Kataluniako Auzitegi Nagusiak, 2014ko azaroaren 9an egindako galdeketaren harira emandako epaian. 36.500 euroko isuna ere ordaindu beharko du Masek.
Joana Ortega presidenteordea izandakoari 21 hilabeteko gaitasungabetzea eta 30.000 euroko isuna ezarri dizkio epaimahaiak, eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilari ohiari, 18 hilabeteko gaitasungabetzea eta 24.000 euroko isuna. Desobedientzia delitua egiteko ezinbesteko laguntzaile izatea egotzi die Auzitegiak.
Halaber, epaiketaren kostuaren erdia ordaindu beharko dute akusatuek.
Hirurak prebarikazio delituagatik errugabetu ditu epaimahaiak, aho batez hartutako erabakian. Epaia ez da irmoa, eta aldeek helegitea aurkez dezakete Auzitegi Gorenean.
13:00etan ekin dio Jesus Maria Barrientos Kataluniako Auzitegi Nagusiko presidenteak epaia irakurtzeari, hiru akusatuen abokatuak bertan zirela. Masek, Ortegak eta Rigauk agerraldia egingo dute 14:15ean epaiaren inguruko iritzia emateko.
Fiskaltzak zigor handiagoak eskatu zituen hiru akusatuentzat. Masentzat 10 urteko gaitasungabetzea galdegin zuen bi delitu egotzita (desobedientzia eta prebarikazioa), eta Rigaurentzat eta Ortegarentzat, bederatzina. Defentsak hiruren absoluzioa eskatu zuen.