Politika -

Liskarrak Poliziarekin

Lau atxilotu Iruñean 'errepresioaren aurkako' martxa baten ostean

'Errepresioari Autodefentsa' dinamikak deitutako manifestazioaren bitartean istiluak izan dira manifestarien eta Polizia Nazionalaren artean.

AGENTZIAK | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau lagun atxilotu dituzte larunbat arratsalde honetan Iruñean, "errepresioaren aurkako" martxa baten bitartean, manifestarien eta Polizia Nazionalaren arteko istiluen ostean.

Dirudienez, 'Errepresioari Autodefentsa' dinamikak deitutako martxak ez zuen baimenik. Manifestazioaren helburua zen "herri mugimenduko eragile ezberdinek jasandako eraso errepresiboak" salatzea, Lahaine webguneak jaso duenez.

Martxa bitartean, istiluak izan dira dira. Gobernuko Ordezkaritzaren arabera, manifestariek "harriak, botilak eta beste objektu batzuk" bota dituzte, eta poliziek, berriz, "tiro-zaparradak eta pilotakadaren bat". Gainera, kalteak eragin dituzte kutxazain automatiko batean.

Gobernuko Ordezkaritzako iturriek jakinarazi dutenez, lau atxilotuek "txanoa" zeramaten, eta Errenteriakoak dira.

Gaitzespen mezuak

Ohar baten bidez, EH Bilduk "irmoki" gaitzetsi ditu izandako istiluak. Koalizioak baieztatu duenez, "halako gertaerek gizartearen gehiengoak aukeratutako bidea oztopatzea dute helburu, alegia, bakea, elkarbizitza eta normalizazio politikoa".

EH Bilduk "argi eta garbi" berretsi du "bide demokratiko eta erabat baketsuekiko" konpromisoa, eta guztiz gaitzetsi du "helburu politikoetarako indarkeriaren erabilpena".

Geroa Baik ere gaitzespena adierazi du gertakarien aurrean. "Uste dugu aldarrikapenek, bidezkoak izan arren, inoiz ezin dezakete Iruñeko Alde Zaharrean bukatu duten bezala bukatu", iritzi dio ohar baten bidez.

Bakea eta bizikidetzaren aldeko apustua egiten dutela nabarmendu du koalizioak, eta, bere esanetan, jazotakoa "arlo horretan egiteke dagoen bidearen adibidea da".

Ildo beretik, PSNren aburuz, "oraindik bada biolentzia erabili eta defendatzen duenik, nahiz eta inora heltzeko bidea ez izan". Bestalde, UPNren iritziz, "Iruñean ez dago pertsona biolentzia darabilten duten pertsonentzako lekurik, eta ez du egon behar hura justifikatzeko inongo zirrikitu edo zigorgabetasunik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Iruñeko argazkiak Gaurko azken orduko albistea