Politika -
Gobernu programa 2020
Estatutu politiko berria lortu nahi du Urkulluk legealdi honetan
2020ra bitarte Jaurlaritzak dituen asmo eta erronkekin osatutako programa aurkeztu du lehendakariak.
Agentziak | Erredakzioa
Lau zutabe handi, 10 ardatz, 175 konpromiso eta herrialdeko 650 ekimen. Honako osagaiekin eratu du Eusko Jaurlaritzak legealdiko gobernu programa: 'Euskadi 2020. XI. legealdirako Gobernu Programa'.
Iñigo Urkullu lehendakariak, koalizio gobernuaren sailburuak ondoan zituela, Gasteizen aurkeztu du gaur programa. Helburu dituen asmo eta erronken artean, estatutu politiko berria lortzea eta Espainiako Gobernuak espetxe eta Gizarte Segurantza eskuduntzak EAEren esku jartzea aipatu ditu lehendakariak.
Lau zutabeetako bat estatutu-ituna eguneratzea eta hobetzea da. Xede honekin jaio da, hain justu, Eusko Legebiltzarreko autogobernuari buruzko batzorde txostengilea, eta harekin lankidetzan arituta, eguneratzea posible dela uste du Urkulluk.
"Beharrezkoa da (estatutu berriaren inguruko) akordioa lortzea Estatuarekin", eta Legebiltzarrak adostutakoa oinarri izango dutela hitzeman du. Urkulluren aburuz, "aro berri honek Estatutu politiko berria lortzeko aukera ematen digu".
Estatutu berri horretarako bidean "elkarrizketa eta elkarrekiko errespetua" aldarrikatu ditu lehendakariak, eta adostasunaren beharra azpimarratu du: lehenik, Legebiltzarrean; gero, Estatuarekin; eta azkenik, euskal gizartearen onespenarekin.
Ingurumari horretan, Kataluniari "arrakasta" opa dio, baina Euskadik, bestelako bidea hartu duela nabarmendu du: "Beti defendatu dugu akordioaren bidea".
Gobernu programak jasotakoaren arabera, Legebiltzarreko batzorde txostengileak sinatutako testu artikuludunak "ordenamendu juridikoa, metodo demokratikoak eta herritarren eskubide eta askatasunak" errespetatu beharko lituzke.
Eskuratu gabe dauden transferentziak
Gobernu programak oraindik eskuratu gabe dauden hainbat transferentzia eskatzea ere aurreikusten du, eta lehentasuna ematen dio espetxeen eta Gizarte Segurantzaren transferentziei.
Urkullu sinetsita agertu da aipatu bi transferentziak lortzeak "zailtasuna" daukala, baina, azaldu duenez, urteak daramatzate "lehentasunezko bi gai horiek Espainiako gobernuei eskatzen".
"Zailtasunak gorabehera, garaiak eta testuinguruak aldatu egin dira, eta, finean, Estatua betetzea besterik ez da. Beraz, testuinguruaren araberako aitzakiarik edo oztoporik ez egotea espero dut", ohartarazi dio Gobernu zentralari.
Enplegua eta gizarte politikak
Lehendakariaren hitzetan, gobernu-programak "Giza garapen jasangarrian aurrera egitea”" nahi du. Azaldu duenaren arabera, arlo horretako konpromisoak , besteak beste, honako xede hauek erdiestera zuzenduta daude: langabeziaren tasa % 10 baino txikiagoa izatea, 20.000 gaztek lehen lan-esperientzia izatea, pobreziaren tasa % 20 murriztea, seme-alabak dituzten familientzako laguntzak igotzea eta defizit publikoaren Europako konpromisoa betetzea.
Zehaztu duenez, 2017rako aurrekontuaren heren bat Gizarte Politiketara bideratuta daudela; hain zuzen ere, Osasuna, Hezkuntza eta Gizarte Babeseko oinarrizko zerbitzuak bermatzera.
Bizikidetza eta giza eskubideak, "beharrizan bat"
Autogobernua, enplegua eta zerbitzu publikoekin batera programaren lau zutabeetako bat bizikidetza eta giza eskubideena da, eta ETAren ekintza armatuen bukaeraren ostean, "konpontzeke dauden" hiru gairi heldu nahi die: ETA armagabetu eta behin betiko desegiteari, espetxe politikari, eta iraganari buruzko oroimen kritikoari.
Lehendakariaren esanetan, aurreko legegintzaldian berak zuzentzen zuen Gobernuak ETA armagabetzeko prestatu zuen planak "mahaigainean egoten jarraitzen du", "legezkoa, ziurtatua eta ahalik eta ordenatua izango den armagabetze" bat lortzeko. Horren aurretik, "ETAk adierazpen bat egin behar du, non azaldu behar baitu armagabetzea atzeraezina eta baldintzarik gabekoa dela, desegiteko borondatearen seinale".
Espetxe-politikari dagokionez, EAJ-PSE alderdien gobernu programak politika horiek beste era batera "bideratuko dituen" proposamen bat sustatuko du, ETAko presoen birgizarteratzea xede izango duena, eta baita euren etxeetatik gertu dauden espetxeetara hurbil daitezela “erraztea” ere.