Politika -
Elkarrizketa 'En Jake' saioan
Artur Masen esanetan, erreferenduma 'irailean egingo da, beranduen'
ETB2ko 'En Jake' saioan egindako elkarrizketa batean baieztatu duenez, erreferendum horrek gutxienez % 50eko parte-hartzea izan beharko luke kontuan hartzeko modukoa izan dadin.
eitb.eus
Artur Mas elkarrizketatu du gaur eguerdian 'En Jake' saioak, eta hitzorduan zehar, Kataluniako egungo egoera politikoa aztertu dute eta bere kontrako prozesu judizialaz aritu da.
Horrenbestez, Masek elkarrizketaren zehar azaldu duenez, Kataluniako erreferenduma "irailean egingo da beranduen", baldin eta aurretik ez bada egiten. Erabaki hori hartzea Carles Puigdemonti dagokiola zehaztu du.
Kataluniako presidente ohiaren iritziz, "kalean eta hautetsontzietan hasitakoa, kalean eta hautetsontzietan amaitu behar da". Horren esanetan, erreferendum horretan "% 50eko gutxieneko parte-hartzea" egon beharko litzateke kontuan hartzeko modukoa izatea lortzeko.
PDeCat alderdiko presidenteak gaineratu duenaren arabera, Estatuak Kataluniarentzat bitarteko irtenbide bat bilatzen badu, "independentziaren inguruan galdetzeaz gain, horren inguruan ere galdetu beharko litzateke".
Masek azaldu duenez, Kataluniako independentziaren eta egungo autogobernuaren artean bitarteko konponbide bat egon zitekeela adierazi zuenean, bi baldintza mahaigaineratu zituen: "Estatuak egindako proposamen horren gainean Katalunian galdeketa egitea eta, aldi berean, Kataluniako independentziaren aldeko aukeraren alde bozkatu ahal izatea".
Halaber, Masek kontuz ibiltzeko ohartarazi die Kataluniako autogobernua etetea edota Armadaren esku-hartzea defendatzen dutenei; izan ere, bere iritziz, hori gertatuko balitz, Kataluniaren erantzuna ez litzateke "menpeko batena" izango, eta ez luke "bai, jauna" esanez erantzungo.
Subiranotasunaren aldeko prozesuaren apustua eginda euren asmoak ez lortzeko arriskua dutela onartu du Masek, baina, horren ustez, "ez baduzu arriskatzen eta borrokatzen, dagoeneko galdu duzu".
EAJrekin bilera
Telebistako elkarrizketaren aurretik, Mas, bere alderdiak Kongresuan duen bozeramailearekin (Francesc Homs) batera, Andoni Ortuzar EAJko presidentearekin bildu da jeltzaleek Bilbon duten egoitzan.
Egindako bilerari buruz adierazi du bere alderdiak ez duela kexatzerik EAJk ez badu estrategia independentistaren alde egiten. Hartara, gogora ekarri du Ibarretxe lehendakariak Estatutu berrian Euskadiren erabakitzeko eskubidea defendatu eta Kongresuak baztertu zuenean, Kataluniako nazionalistek beste bide bati ekin ziotela.
"Oso harreman argia eta adeitsua daukagu EAJrekin betidanik, eta egun ez dago ulermen on horretarako salbuespenik", adierazi du Masek.
EAJk ohar baten bidez zabaldu duenez, Ortuzarrek Masi adierazi dizkio EAJren "begirunea eta adeitasuna PDeCATen jarduera politikoarekin eta Catalunyako erakundeekin".
Ia ordu eta erdi iraun duen topaketan, Euskadi, Katalunia eta Estatu espainiarreko egungo egoera politikoa izan dute hizpide bi ordezkaritzak.
EAJren esanetan, Masek eta Homsek buruzagi jeltzaleen aurrean berretsi dute "Espainiako Gobernuarekin negoziaketa benetako eta eraginkorra ezartzeko borondatea dutela eta berriro adierazi dute 2017an Kataluniaren independentziari buruzko erreferenduma deitzeko hartu duten erabaki irmoa", beranduen jota irailean. Halaber, "azken aldi honetan bizi dituzten prozesu judizialetatik onik ateratzea eta ebazpen bidezko eta zuzena lortzea espero dutela" adierazi diete jeltzaleen ordezkariek Masi eta Homsi, oharraren arabera.
Hitzaldia Ibarretxerekin batera
Generalitateko presidente ohiak eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak hitzaldia eskaini zuten atzo arratsaldean, Donostiako Kursaal jauregian, erabakitzeko eskubidea hizpide.