Politika -
Noos auzia
Urdangarinek aske jarraituko du, fidantzarik ordaindu gabe
Neurri bakarra ezarri dio Palmako Auzitegiak. Suitzako bere etxetik gertuen duen epaitegira joan beharko da hilean behin, sinatzera.
Agentziak | Erredakzioa
Aske eta fidantzarik ordaindu gabe. Hala egongo da Iñaki Urdangarin, Noos auzian zigortutakoa, epaia irmoa izan arte. Gainera, Suitzan bizitzen jarraitu ahalko du, Palmako Auzitegiak orain bizileku duen herrialdeko epaitegietan hilean behin sinatzera joatea ezarri baitio.
Espainiako erregearen koinatuari sei urte eta hiru hileko espetxe-zigorra eta 512.553 euroko isuna ezarri zizkioten, Noos auzian epaitutako hainbat iruzur fiskal eta ustelkeria deliturengatik.
Urdangarinek Auzitegiari jakinarazi beharko dio Europar Batasunetik kanpo badoa edo bizilekua aldatzen badu, behin-behinean bada ere.
Diego Torres Urdangarinen bazkide ohiarentzat honako neurriak adostu ditu epaimahaiak: ezingo da Espainiako Estatutik irten, pasaportea entregatu beharko du, eta hilean behin etxetik gertuen duen epaitegira joan beharko da sinatzera. Bizilekua aldatzen badu, hala jakinarazi beharko du.
Auzitegiak argudiatu duenez, zigortutako bi lagunak, batez ere Urdangarin, Espainian "errotuta" daude.
Auzitegiak ez du, beraz, Fiskaltzaren eskaera onartu, eta Estatuko Abokatutzak galdegindako neurriak beste ebazpen batean aztertuko ditu. Auto honen kontra helegitea aurkez dezakete aldeek.
Epaimahaiaren erabakia bertatik bertara jaso dute Torresek eta Urdangarinek. Azken honi "lapurra" eta "itzuli dirua" esan diote oihuka auzitegitik atera denean.
Fiskaltzaren eskaria
Pedro Horrach Balearretako Ustelkeriaren aurkako fiskalak Urdangarini 200.000 euroko fidantza ezartzea eskatu du. Diego Torresen kasuan, fiskalaren eskaria bera izan da, baina 100.000 euroko fidantza galdegin du. Torresi zortzi urte eta sei hileko espetxe-zigorra ezarri zioten, eta 1.723.843,10 euroko isuna.
Bakoitzak duen ahalmen ekonomiko ezberdinagatik eskatu du bientzat kopuru ezberdinak, Fiskaltzako iturriek adierazi dutenez.
Horrachen arabera, ihes egiteko arriskua dago auzi honetan, eta horien egoera pertsonalak ez du aukera hori indargabetzen, fiskalaren ustez. Argudio hori erabili du fiskalak bere eskaera egiteko.
Iñaki Urdangarin. Argazkia: EFE
Balearretako Abokatutzak bat egin du fiskalaren eskariarekin, baina Estatukoak benetako neurriak eskatu ditu Diego Torresen aurka: bahitura, diru-sarrerak atxikitzea eta abar.