Politika -
Noos auzia
Urdangarinek ostegunean jakingo du berehala kartzelatuko duten
Cristina infantaren senarra fidantzapean aske uzteko eskatzea aztertzen ari da fiskala.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Balearretako Probintzia Auzitegiak ostegunean erabakiko du Iñaki Urdangarinen eta Diego Torresen aurka kautelazko neurririk hartuko duen.
Saioa 10:30ean hasiko da, eta aldeek euren eskaerak aurkeztu beharko dituzte. Urdangarinek eta Torresek eurek ere bertan egon beharko dute.
Fidantza ordainduta saihestu daitekeen behin-behineko kartzelaldia eskatuko du Pedro Horrach Ustelkeriaren kontrako fiskalak, baina aldeen arrazoiak entzungo ditu erabakia hartu aurretik.
Onda Cero irrati kateari adierazi dionez, "hasiera batean" epaiaren hainbat alderdiren kontrako helegitea aurkeztuko du, besteak beste, sarearen Valentziako atalari eta ekitaldien kostuei buruzkoak. Helegite horrek zigor handiena dutenei zigor handiagoa eskatzea dakar berekin.
Urdangarin eta Torresi ezarri beharreko kautelazko neurriei dagokienez, Horrachek adierazi du bost urtetik gorako espetxe zigorra dutenentzat behin-behineko espetxeratzea eskatu ohi duela Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak. Hala eta guztiz ere, aldeen arrazoiak eta zigortuen egoera pertsonala ezagutu nahi du eskari "justuena" egiteko.
"Ez dut baztertzen fidantza ordainduta saihestu daitekeen espetxeratzea eskatzea, beraz, fidantza ordainduta espetxea saihestuko lukete", adierazi du fiskalak. Ziurrenera, eskari bera egingo dute Urdangarin eta Torresentzat.