Politika -
PPren XVIII. Biltzar Nazionala
Rajoy: 'Ez dugu Espainia hautsiko duen galdeketarik egitea baimenduko'
Onartu egin du Konstituzioa aldatu egin daitekeela, baina ez duela halakorik gomendatzen onartu du, 'batera bananduta baino hobe egoten delako'.
Agentziak
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak gaur ziurtatu duenaren arabera, ez dauka "salerosketan" aritzeko asmorik "Konstituzioaren gainetik igarotzen den, Espainia hautsi eta subiranotasun nazionala deuseztatuko duen prozesu sezesionista baten gainean".
"Inork ezin diezaguke eskatu arbitrariotasun horren konplizeak izatea, eta ez dugu egingo", azpimarratu du PPren buruak bere alderdiko XVIII. biltzarra itxi duen mintzaldian. Burugabekeriatzat jo du Kataluniako prozesua, eta, ohartarazi duenez, "ez dugu Espainia hautsiko duen galdeketarik egitea baimenduko".
Bere hitzetan, "prozesu sezesionista bat ez da lorezain batek egindako inausketa atsegin bat, baizik eta anputazio ikaragarri eta mingarri bat, inongo zirujauak konpon ezin dezakeena".
Rajoyren aburuz, inork ezin diezaioke eskatu Gobernuari, are gutxiago arduradun politiko batek, Konstituzioa eta legea bete ez ditzala, horixe izango bailitzateke, bere esanetan, Katalunia Espainiatik bereiztea.
Alabaina, onartu egin du Konstituzioa aldatu egin daitekeela, espainiar guztiek hala erabakitzen badute, baina ez duela halakorik gomendatzen onartu du, "batera bananduta baino hobe egoten delako".
"Hori behin argi utzita, garbi dago hitz egiteko prest gaudela, hitz egitea garrantzitsua delako, eta ez da inoiz eserlekua hutsik utzi behar", adierazi du.
Horrenbestez, "baiezko borobila" agertu dio elkarrizketari, "baina inposatzerik, bakarrizketarik, atxikimendu kontraturik, eta noski, legea urratu gabe".
Bestalde, "espainiar sentitzen diren Kataluniako herritar gehiengoari" erreferentzia egin die, eta azaldu die Espainiako Gobernua eta PP "oso hurbil" sentitzen direla eurengandik eta inoiz ez dituztela bakarrik utziko.
"Euren fede onean engainatuak izan diren" katalanei ere zuzendu zaie. Bere aburuz, "posible ez dena eskaini diete", independentziaren "amua" jarri diete gaitz guztien konponbide gisa eta "ezkutatu egin diete Espainiarekin hausteak ekarriko lituzkeen ondorio politiko, ekonomiko eta sozialak".
Akordioak eskatu dizkio oposizioari
Bestalde, Rajoyk oposizioko alderdiei eskatu die akordioetara iristeko joera izan dezaten, bere iritziz hori ez baita "Gobernuari mesedeak saltzea, baizik eta espainiarren beharrizanei erantzuteko eta gobernagarritasuna bideragarri egiteko hitzartzea".
Nabarmendu du hilabete askotan egon den ziurgabetasunaren ostean garrantzitsuena dela "Gobernuak gobernatu ahal dezala".