Politika -
Epaiketa A9-ko galdeketagatik
Fiskalak 10 urteko gaitasungabetzea eskatu du Artur Masentzat
Joana Ortegarentzat eta Irene Rigaurentzat 9 urteko gaitasungabetzea galdegin du. Defentsek, berriz, absoluzioa eskatu dute hirurentzat, Auzitegi Konstituzionalaren debekua bete zutela argudiatuta.
Agentziak | Erredakzioa
Fiskalak berretsi egin du Artur Mas Generalitateko presidente ohiarentzako 10 urteko gaitasungabetze eskaera, 2014ko azaroaren 9an Katalunian egindako galdeketaren harira, desobedientzia larria eta prebarikazioa egotzita.
Joana Ortega presidenteordearentzat eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilariarentzat, berriz, 9 urteko gaitasungabetzea galdegin du.
Fiskalak dio hirurak elkarlanean aritu zirela kontsultaren antolaketan, Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zuen arren.
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian auzi honen laugarren eta azken saioa egin dute goizean. Emilio Sanchez Ulled fiskalak behin betiko ondorioak aurkeztu ditu bertan.
Herri-akusazioak (Poliziaren Sindikatu Profesionala eta Poliziaren Batasuna Federala) azkenean ez du kartzela-zigorra eskatu Mas, Ortega eta Rigaurentzat, Auzitegi Nagusiak dirua bidegabe erabiltzea leporatu ez diela kontuan hartuta.
Fiskaltzaren akusazioak
Gaur berretsitako idatzian, fiskalak dio Artur Masek “desafiozko estrategia osoa eta eraginkorra” eraman zuela aurrera, Auzitegi Konstituzionalaren debekuaren gainetik.
Kontsultaren antolaketa-lanekin jarraitu izana leporatzen dio, diskrezioz aritu zela eransten du eta eginkizun horietan Joana Ortega eta Irene Rigauren parte-hartzea ezinbestekoa izan zela azpimarratzen du.
“Jakin bazekiten Auzitegi Konstituzionalaren erabakia urratzen ari zirela”, adierazi du fiskalak. Antolaketa herritarren esku geratu zela erakusten ahalegindu izan ere leporatzen die.
“Artur Masek nahita urratu zuen Auzitegi Konstituzionalaren agindua eta, beraz, ez zuen bete A9ko galdeketa indargabetzeko erabakia”, ondorioztatu du fiskalak.
Joana Ortegaren kasuan, Artur Masen ondorengoa izanda, prozesuaren koordinazioa eta kontrol publikoa aurrera eramaten segitu zuela egozten dio. Galdeketa egiteko beharrezkoa ziren “ekintza administratibo guztiak” berak zuzendu zituela esan du.
Rigauri, berriz, Hezkuntza Kontseilariaren bitartekoak galdeketara bideratu izana eta, lurraldeetako buruzagien bidez, ikastetxeetako zuzendariei eskolak eta institutuak hautesleku gisa erabiltzen uzteko baimena emateko agindu izana egozten dio.
Defentsek absoluzioa eskatu dute
Bestalde, defentsek Artur Masen, Joana Ortegaren eta Irene Rigauren absoluzioa eskatu dute, Auzitegi Konstituzionalaren agindua urratu ez zutela argudiatuta.
Hortaz, Xavier Melero, Rafael Entrena eta Jordi Pina abokatuek behin betikotzat jo dituzten euren ondorioak, lekukoen eta adituen agerraldiak amaituta.
Artur Masen defentsak bere idatzian dio Generalitateko presidente ohiak ez zuela desobedientzia deliturik egin, 2014ko azaroaren 4ean, galdeketarako bost egun falta zirenean, Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakia bete egin zuelako, “kontsultaren antolaketa eta prozesu parte-hartzailearen kudeaketa etenda”.
Ildo horretan, Masen abokatuak azpimarratzen du bi gauza ezberdin direla ebazpen judizial bat urratuta erreferendum ofizial bat antolatzea eta herritarren eskura bitarteko publikoak uztea, prozesu parte-hartzaile bat egin ahal izateko.
Bigarren aukera hori “ekintza politiko zilegia da edozein gizarte demokratikotan”, nabarmendu du.
Horrez gain, Masen defentsak gogoratu du Auzitegi Konstituzionalak ez zuela “agindu zehatzik eman” kontsulta debekatzeko eta ez zuela argitu agindu hori nori zegoen zuzenduta.
“Mas jaunak probidentzia bat jaso zuen, baina mezua ez zen argia eta ez zuen zehazten bera izango zela erantzulea jarrera jakin baten aurrean”, gaineratu du.
Bestalde, Joana Ortegaren abokatuak azpimarratu du hiru akusatuek “une oro legea bete” zutela eta “jarrera demokratikoa, publikoa, gardena eta errespetuzkoa” izan zutela.
Abokatuak azaldu du Ortega debekuaren egunera bitartean aritu zela galdeketaren antolakuntzan, baina Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren ondotik herritarrek hartu zutela ardura hori.
Rigauren abokatuak, berriz, ukatu egin du Hezkuntza Kontseilaritzatik ikastetxeetako zuzendariei galdeketaren egunean funtzionario publiko gisa kolaboratzeko agindua eman zitzaienik. Lan hori boluntarioen esku geratu zela zehaztu du.
“Prozesu parte-hartzaile guztia pertsona boluntarioek kudeatu zuten”, nabarmendu du.
Amaitzeko, gogora ekarri du 2014ko azaroaren 9an 2,3 milioi lagunek bozkatu zutela Kataluniako etorkizun politikoari buruzko galdeketan, askatasun osoz.