Politika -
Katalunia
Vidalen hitzak ukatu ditu Generalitateak; senatariak dimisioa eman du
Gobernuak katalanen zerga datuak "legez kanpo" lortu dituela esan zuen ERCko senatariak. Fiskaltzak ikerketa abiatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Santiago Vidal ERCko senatari eta epaile ohiak dimisioa eman du, hitzaldi batzuetan egindako adierazpen larriengatik. Kataluniako Gobernuak zergadunen datuak "legez kanpo" lortu dituela esan zuen, besteak beste. Hitzok lurrikara politikoa eragin dute Katalunian.
Hainbat komunikabidek ostegunean jakinarazi zituzten Vidalen adierazpenak. Biharamunean oharra bidali du Generalitateak, senatariak esandakoa ukatuz eta adierazpenok gezurtatzen dituzten datuak erakusteko prest dagoela adieraziz.
Kataluniako Gobernuak nabarmendu duenez, Ekonomia Kontseilaritza prest dago Datuak Babesteko Kataluniako Agentziak eskatutako froga guztiak emateko. Zerga datuen erabilera eta kudeaketaren inguruko auditoria bat egiteko ere eskatu du.
Horrez gain, Lluis Salvado Ogasun idazkaria Parlamentuko batzordean agerraldia egiteko prest azaldu da, taldeek eduki ditzaketen "zalantza guztiak argitzeko".
Ekonomia Kontseilaritzaren hitzetan, "gardentasun osoz" jokatzen du, eta ez du legez kanpoko inoren daturik.
Dimisioa
Bien bitartean, ERCko senatariak eserlekua utzi du, bere adierazpenak prozesu katalanarentzat oztopo izan ez daitezen.
Horrela argudiatu du, ohar batean, bere dimisioa Vidalek: "Ez dizkiot Estatuko Gobernuari aitzakiarik eman nahi".
Vidalen aitortu duenez, bere adierazpenak "hitzez hitz hartuta, ez datoz bat errealitatearekin. Informazio gehiago behar nuen".
Estatuko Fiskaltzak ikerketa abiatu du Vidalek esandakoa egia ote den argitzeko.