Politika -
Espetxe politika
Kartzelan ama izan diren preso ohiek Majarenas askatzea eskatu dute
"Espetxean jaio eta hazi diren haurrek amarengandik banatzen dituztenean bizi dituzte unerik zailenak", ohartarazi dute.
Agentziak | Erredakzioa
Kartzelan ama izan diren preso ohiek Sara Majarenas aske uztea eskatu dute, Izar alabak “fisikoki eta psikologikoki hobera egiteko ezinbesteko pertsona delako”.
Donostian, Emakumeen Etxean egindako agerraldian, Anabel Prieto preso ohiak esan du “justua delako, oinarri etikoengatik eta umearen osasunagatik” eskatzen dutela Majarenasen askatasuna.
Izarrek onera egin badu ere, oraindik Valentziako Ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatean jarraitzen duela azpimarratu dute. Amaren baimenarekin, umea espetxetik atera zuen aitak eta irteera hori baliatu zuen bi urteko haurrari labankadaz eraso egiteko. Gertakariak urtarrilaren 15ean jazo ziren, Valentzian. Aita espetxean sartu dute.
Donostiako Udalak iragarri zuen Majarenas Martutenera ekartzeko eskatuko ziola Espetxeetako Zuzendaritzari. Umeak hiru urte egingo ditu martxoan eta une horretatik aurrera ezingo du amaren ondoan jarraitu, kartzelan.
“Picassenten egotea baino hobea da Martutenen izatea, baina guk Sara askatzea eskatzen dugu”, azpimarratu du Prietok; izan ere, urtebete geratzen zaio ezarritako zigorra oso-osorik betetzeko.
“Sarak duela bi urte baino gehiago bete zituen zigorraren hiru laurdenak eta, beraz, haurrak bost hilabete zituenetik biek kalean behar zuten”, gaineratu du.
Horrez gain, kartzelan jaio eta hazi diren umeek bizi dituzten “unerik zailenak” amarengandik banatzen dituztenekoak direla ohartarazi dute. “Espetxean bereziki estua da amak bere seme edo alabarekin duen harremana, egunero 24 orduz daudelako elkarrekin, hiru urtez jarraian”, erantsi du.
Hortaz, amarengandik bereizitako ume horiek “egokitze prozesu luze eta konplexu bat” behar izaten dute. Izarren kasuan prozesu hori are zailagoa izango dela esan dute, “zauri fisiko eta psikologiko larriak dituelako”.
Hori dela eta, “bera ama da sendatzen lagun diezaiokeen pertsona egokiena”, nabarmendu dute.