Politika -
kontratuak osakidetzan
Ahozko epaiketa egitea agindu du epaileak Marguello auzia dela eta
Ia zazpi milioi euroko bermea ezarri die lau akusatuei, prebarikazioa, Administrazio Publikoaren aurkako iruzurra eta funtzionarioentzat galarazita dauden negoziazioak egitea leporatuta.
I.G. | EITB.EUS
Bilboko Instrukzioko 3 zenbakiko Epaitegiko epaileak Marguello auzia argitzeko ahozko epaiketa egitea agindu du, Jose Ramon Elorriaga Zubiaguirre, Jose Carlos Marguello Amblar, Maria Nieves Fernandez Grande eta Rafael Cerdan Arandia auzipetuen aurka, prebarikazioa, Administrazio Publikoaren aurkako iruzurra eta funtzionario publikoek galarazita dituzten negoziazio eta jarduerak egitea leporatuta.
Gainera, gaur, asteartea, plazaratutako epaiaren arabera, 1.926.666,41 euroko bermea ezarri die Elorriaga Zubiaguirre, Marguello Amblar, Fernandez Grande eta Cerdan Arandiari, eta 4.834.490 euroko beste bat, hiru akusaturi; Elorriaga Zubiaguirre, Marguello Amblar eta Fernandez Granderi, hain zuzen.
Era berean, epaian (2017ko urtarrilaren 2ko zigilua du) agertzen denez, akusatuek aske jarraituko dute.
11 urteko kartzelaldi eskaera
Fiskaltzak 11 urteko kartzela-zigorra eskatu du Marguello auziko hiru akusaturentzat eta 6 urte eta bost hilabetekoa laugarren auzipetuarentzat, Jose Carlos Marguello Gurutzetako Ospitaleko Kalitate zuzendari ohiari lotutako enpresei Osakidetzaren kontratuak modu irregularrean emanda mesede egin izana leporatuta.
Martxoan, ikerketa amaituta, Bilboko Epaitegiko Fiskaltzak ondorioztatu zuen Jose Carlos Marguello Amblar, Maria Nieves Fernandez Grande, Rafael Cerdan Eusko Jaurlaritzako sailburuordea eta Jose Ramon Elorriaga Osasun zuzendari ohia auzipetzeko arrazoiak bazeudela, 2006an Osakidetzak esleitutako zenbait kontratutan irregulartasunak atzeman zituelako. Garai hartan, Juan Jose Ibarretxe zen lehendakaria.
Ikerketaren arabera, Eusko Jaurlaritzako bi goi-kargudunek legea urratu zuten Osakidetzaren kontratuak Marguelloren bi enpresari emanda, txosten teknikoek horrela ez egitea gomendatu arren. Maria Nieves Fernandez Grande zen enpresa horietan izen-mailegatzailea.
Osasun sailburua Gabriel Inclan zenean jazo ziren gertakariak, EAJren agintaldian. Alabaina, irregulartasunak 2009an atera ziren argitara, Euskadiko Alderdi Sozialistak Eusko Jaurlaritza eskuratu zuenean.