Politika -
Estrasburgoko auzitegia
'Kantauri'k hartutako bidea jarraitzera dei egin die Sarek presoei
'Kantauri'k egindakoa "ekintza itxaropentsua da ibilbidea kontuan hartuta, euskal presoen eremuan ekimen berria" delako, esan du plataformak.
agentziak | erredakzioa
Joseba Azkarraga Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarraren bozeramaleak Jose Javier Arizkuren Ruiz 'Kantauri' presoak emandako urratsa (bere kasua Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegira eraman du) jarraitzea eskatu die gainerako euskal presoei, "ibilbidea izan dezakeela erakutsi dutelako, zenbait epairen arabera ikus daitekeenez, epaia positiboa izan daitekeelako".
Azkarragak Bilbon egindako prentsaurreko batean egin ditu adierazpenok, Ainhoa Azkaraterekin batera, presoen eskubideen aldeko urtarrilaren 14ko manifestazioaren xehetasunak ezagutarazteko.
Bozeramalearen esanetan, 'Kantauri'k egindakoa "ekintza itxaropentsua da ibilbidea kontuan hartuta, euskal presoen eremuan ekimen berria" delako. "Aspaldi, Errusiak eta Ukrainak epaitegi horren zigorra jaso zuten presoak haien etxeetatik oso urrunera bidaltzen zituztelako, horietako batzuk Siberiara, eta beste batzuk euskal presoak dauden distantziara".
Azkarragak nabarmendu duenaren arabera, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak "presoak euren etxeetatik hurbil egotera agin du zien" herrialdeei; hori dela eta, 'Kantauri'ren ekimena beste batzuek ere egiteko deia luzatu du, "zenbait epaik erakutsi baitute erabakia positiboa izan daitekeela".
Larunbateko manifestazioa
Manifestazioari dagokionez, Azkarragak gogorarazi egin du orain urtebete Sarek "Bilboko kaleak betetzea" lortu zuela , eta urtarrilaren 14ko martxari begira (17:30ean La Casillatik) aurreikuspena da "giza eskubideen eta bakearen alde kalera irteten den pertsona kopurua handitzea".
Gaineratu duenez, "datu objektiboek esaten digute hala izango dela, esaterako, kontratatutako autobus kopurua". Hala, 250 eta 275 autobus bitartean espero direla jakinarazi du, eta, "gaur gaurkoz, iaz baino % 15 gehiago da".