Politika -
Memoria historikoa
1937an hildako 224 presoren heriotza 'bidegabea' aitortu du Urkulluk
Lehendakariak 1937ko urtarrilaren 4an Bilbon Eusko Jaurlaritzaren zaintzapean zeuden 224 pertsona hil zituztela gogora ekarri du, eta “biktima guztien memoria eta egiarako eskubidea” aldarrikatu du
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak Bilboko lau presondegitan, Jose Antonio Agirreren Eusko Jaurlaritzaren zaintzapean zeudela, 1937ko urtarrilaren 4an hil zituzten 224 presok “bidegabekeria” pairatu zutela aitortu du, eta “biktima guztiei dagokien egiarako eta memoriarako eskubidea” aldarrikatu du.
Lehendakariak “Gerra Zibilak Euskadin utzi zuen pasarte tragikoenetako baten” 80. urteurrena gogora ekarri du, sare sozialetan publikatutako artikulu batean. Hegazkin frankistek Bilbo bonbardatu zuten, 1937ko urtarrilaren 4an, eta hainbat pertsona hil zituzten. Erasoa bukatutakoan, arratsaldeko lehen orduetan, bat-bateko manifestazio bat Larrinagako, Karmeloko, Casa Galerako eta Aingeru Zaindarien kartzeletara heldu zen, eta, arratsaldeko bostetan, protestariak espetxeotan indarrez sartu ziren eta 1936ko urrian Bilboko Itsasadarrean amarratuta zeuden kartzela-ontzietatik eramandako 224 pertsonak hil zituzten.
Urkulluren testuak zehazten duenez, “soilik hiru hilabete lehenago martxan jarritako Jaurlaritza batentzat dramatikoa izan zen egunean, Aingeru Zaindarien komentuko ikastetxean 109 pertsona hil zituzten; Larrinagako kartzelan, 55; Casa Galeran, 53; eta Begoñan, Karmelon, zazpi”.
Halaber, Agirre lehendakariak berak “ardura osoa onartu eta barkamena eskatu” zuela erantsi du Urkulluk idatzian. “Orain, 80 urte igaro direnean, geure egin nahi dugu bere hausnarketa, gaurkotu nahi ditugu bere hitzak”, dio.
"Itzalak" ere aitortu
“Iaz, lehen Eusko Jaurlaritzaren 80. urteurrena gogoratu genuen. Zortzi hamarkadaren ondoren Jaurlaritzaren eratzearen garrantzia onartzen eta aitortzen dugu. Baina, argi haiekin batera, itzalak ere gogoratu eta onartu behar ditugu”, adierazi du Urkulluk.
Ukulluk “egun tragiko hura” ekarri du oroimenera, eta bere egin ditu Jose Antonio Agirre lehendakariak “gertakari negargarri, dramatiko eta atzerakorik gabeko” horren inguruan Euskal Mundu Biltzarrean esandakoak. “Gu gara errudunak. Jaurlaritzaren izenean, neu lehenengoa. Denetariko aitzakiak edukiko ditugu, baina lehenik eta behin aitortu behar dugu gure errua izan zela”, esan zuen Agirrek.
Joan de maiatzaren 14an, Donostia 2016 Kultura Hiriburutzaren programaren baitan, Memoria Historikoa aldarrikatzeko ekimen bat antolatu zutela gogorarazi du lehendakariak, elkarbizitza ardatz hartuta.
“Gaur, maiatzaren 14 hartan Gerraren biktima guztiei egin genien aitorpenari berriro ekin nahi diot, eta zabaldu. Pairatu zuten bidegabekeria aitortzen dugu, sufrimendu bidegabe bati aurre egin behar izan ziotelako elkartasuna erakusten diegu eta erakunde demokratikoek gertakari horiengatik egin behar duten autokritika geuretzat hartzen dugu”, esan du.
“Egiarako eta memoriarako eskubidea”
Urkulluk, horregatik guztiagatik, “biktima guztiei, Bilbon 1937ko urtarrilaren 4an hildako 224 pertsonei ere, dagokien egiarako eta memoriarako eskubidea” aldarrikatu du. “Hau da Agirre lehendakariak nahi zuen agintaritza morala eta Jaurlaritza horrek bere aginteko lehen egunetik ezarri nahi zuen zuzentasuna benetan erakusten duen konpromisoa".