Politika -
Luhusoko polizia operazioa
Otegi: 'Espainiak eta Frantziak ez dute nahi ETA armagabetzea'
Baionan atzo izandako manifestaziora Frantziako alderdi guztietako kideak, Fronte Nazionalekoak salbu, joan izana nabarmendu du.
Agentziak | Erredakzioa
Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramaileak gaur azaldu duenez, Espainiako eta Frantziako estatuen "helburu nagusia ETA armagabetu ezin ahal izatea da". Bere esanetan, ostiralean Luhuson izandako polizia-operazioa "erabateko gerra estrategia horren parte da" eta ez "gauza isolatu bat".
"Espainiako Estatuak ezer ez dela aldatu mantendu behar du imajinarioan, horrek jarrera immobilistari eustea ahalbidetzen diolako, eraiki den bake egoera etengabe sabotatzen duena. Eta horretan jarraituko dute", iritzi dio Sortuko buruak Donostian egindako agerraldi batean.
Luhusoko atxiloketen aurka atzo Baionan izandako manifestaziora Frantziako alderdi guztietako kideak, Fronte Nazionalekoak salbu, joan izana azpimarratu du, eta damu da Euskadin eta Nafarroan gauza bera gertatzen ez delako "bakearen egoeraren kontrako" polizia-operazioak gertatzen direnean.
Bere ustetan, bi lurralde horietan Iparraldean ematen den "aliantza eta mobilizazio maila" emango balitz, "ziur asko Estatuaren estrategiak ez luke aurrerabiderik".
"Herrialdearen iparraldean gertatzen ari dena hegoaldean ematen hasi beharko litzateke, eta berandu gabiltza. Hemen bakea defendatu behar dugu, egungo egoera", azaldu du.
Otegiren arabera, bi jarrera daudela ikusi ahal izan zen atzo Baionan: batetik, Espainiako eta Frantziako gobernuak; bestetik, "gizarte zibila, zeinaren aurka egin zen ostiral gaueko operatiboa"; izan ere, "Espainiako barne ministroak horrelaxe aldarrikatu du".
Otegik uste du Frantziako Gobernua urrutiegi joan dela, "Baionan atzo izandako erreakzioak ikustea besterik ez dago edota oso kontra agertu den Frantziako prentsarenak, eta horrek atxilotuekin gerta daitekeenari muga jartzen dio".
Nahiz eta "oztopoak" eta Frantziako Gobernuaren "mehatxua" egon, ETAren armagabetzerako "gizarte zibilaren bideak aurrera jarraitu behar" duela esan du Otegik, uste baitu Frantzia "erratu" egiten dela "bakea herri honetako herritarrei ez dagokiela eta prozesuan esku hartzen utziko ez diola dioenean".
Ohartarazi duenez, datozen urteetan euskal herritarrak "kalera atera beharko dute premiaz" eta ez bakarrik bakeagatik, baizik eta "murrizketa sozialengatik, nortasunarekiko errespetu faltarengatik edota presoen askatasunarengatik".