Politika -

NEgoziaketak

EAJren esanetan, autogobernu berria ez da nahi 'bezain urrun' helduko

Andoni Ortuzarrek azaldu duenez, Mariano Rajoy bera ari da gidatzen aurrekontuen gainean PPk EAJrekin dituen elkarrizketak.

Andoni Ortuzar. EFE
Andoni Ortuzar. EFE
Ortuzar: 'Mariano Rajoy bera ari da gidatzen EAJrekin elkarrizketak'

Agentziak 1 Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJko buru den Andoni Ortuzar gaur onartu duenez, euskal autogobernua eraberritzeko akordioa ez da bere alderdiak nahi lukeen "bezain urrun" helduko, baina bai alderdi ez nazionalistek defendatzen dutena baino "apur bat urrunago".

"Argi dago zein den bakoitzaren jarrera. Ziur asko ez da gustatuko litzaigukeen bezain urrun helduko, baina bai besteei gustatuko litzaiekeena baino apur bat urrunago edota apur hori baino urrutitxoago", adierazi du EFEri emandako elkarrizketa batean.

Ortuzarren aburuz, "behar adineko heldutasun egoera" dago 2020an amaitzen den legegintzaldian estatutu berria izateko, eta, bere iritziz, 2006an Loiolan (ETAren suetenean zehar) EAJ, PSE-EE eta ezker abertzalearen artean hitzartutako akordioak har daitezke giltzarri diren auzi nagusien oinarri gisa (besteak beste, Euskadiren izaera nazionalaren edota erabakitzeko eskubidearen onarpena).

Ziurtatu duenez, duten helburua da "estatus berriak" 1979ko Gernikako Estatutuak izan zuen baino babes gehiago eragitea (ez zuten hura babestu Herri Batasunak eta Alianza Popularrek).

"Mutur bi horietatik, Euskadin duen pisu politiko eta sozialarengatik eta gauden egoera politikoarengatik, uste dut errazagoa dela ezker abertzalea integratzea Euskadiko Alderdi Popularra baino", azaldu du.

Bakeari eta elkarbizitzari dagokionez, Ortuzarrek ohartarazi du ETAren armagabetze-prozesuak "aurrera ezin eginda" geratzeko arriskua duela, bere aburuz ETAk "ez baitaki zer egin", Estatuarekin negoziaketarik egon ez delako eta Segurtasun Indarrek "estu" hartzen dutelako.

Armagabetzearekin batera, honako hauek jo ditu gai nagusitzat: biktimen aintzatespena, egindako kaltea onartzea eta presoen sakabanaketa politika bertan bera geratzea.

Bere esanetan, "hiru gai nagusi horietan aurrerapausoak eman behar dira, eta Gobernuaren hitzarmenak gai horiek era bidezkoan eta elkarbizitzari lagunduko dion moduan bideratzeko beharrezkoak diren giltzarriak dakartza". Espetxe-politikaren gaiari buruz, EAJk Espainiako Gobernuarekin "era diskretuan" hitz egingo duela esan du.

Aurrekontuen negoziaketa

Estatuko aurrekontuei dagokienez, azaldu du Mariano Rajoy bera ari dela gidatzen aurrekontuen gainean PPk EAJrekin dituen elkarrizketak, eta berarekin ari dela zuzenean hitz egiten.

"Azken aldian, egia da jarrera aldaketa eman dela, kopuru zein kalitate aldetik, PPrekiko komunikazioan, eta Rajoy presidentearekin zuzenean elkarrizketatzen naiz. Konturatu egin da lehen pertsonan heldu behar ziola ahaleginari, sinesgarritasuna izan zezan; dena dela, negoziaketa mailara iritsi ez diren elkarrizketak dira oraingoz", zehaztu du Ortuzarrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Albisteak Alderdi Popularra Espainako Gobernuaren presidente ohia Andoni Ortuzar argazkiak Alderdi politikoak bideoak Euskadiko PP berriak Albisteak