Politika -

PP-ren gobernu berria

Gobernatzen uzteko eskatu die Rajoyk gainerako alderdiei

Urtea amaitu baino lehen presidente autonomikoen biltzarra deituko duela iragarri du, finantzazio eredu berria negoziatzeko.

Rajoy, PPren Zuzendaritza Nazionalaren Batzordearen buru. EFE
PPren Zuzendaritza Nazionalaren Batzordea. EFE
PPk otsailaren 10,11 eta 12an egingo du bere Batzar Nazionala

1:24

Agencias | Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak nabarmendu duenez, exekutibo berriari lan egiten utzi behar diote gainerako alderdiek, gobernatzen uztea indar politiko guztien erantzukizuna baita, haren ustez.

"Gobernurik ez edukitzea bezain txarra da gobernatzeko aukera ematen ez zaion exekutibo bat edukitzea", esan du PPko buruzagiak alderdiaren Zuzendaritza Nazionalaren Batzordearen bileran. Izan ere, PPk ez du berez legeak eta neurriak aurrera ateratzeko nahikoa babes, ezta Ciudadanosen aldeko botoarekin ere. Hortaz, beste alderdi baten edo batzuen abstentzioa behar du.

Rajoyren hitzetan, legegintzaldi honetan "elkarrizketa, ituna eta adostasuna behar ditugu. Denok egin behar dugu horren alde".

Bileraren ondotik emandako prentsaurrekoan, hainbat hitzordu iragarri ditu Espainiako presidenteak. Esan duenez, urtea amaitu baino lehen Presidenteen Konferentzia deituko du autonomien finantzazioa eztabaidatzeko.

"Autonomia erkidegoetako presidenteak deituko ditut 2016a amaitu baino lehen. Oso erronka garrantzitsua dugu, finantzazio autonomikoaren eredu berria ezartzea, alegia", adierazi du.

PPren biltzar garrantzitsuenetakoaren data ere iragarri du Rajoyk. Hala, Batzar Nazionala otsailaren 10,11 eta 12an egingo dutela jakinarazi du. Luisa Fernanda Rudi Aragoiko presidente ohiari egokitu dio Madrilen egingo duten hitzordu horren antolaketa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Alderdi Popularra Gaurko azken ordukoa