Politika -
Espainiako Gobernua
Akordioak bilatzeko eskatu die Rajoyk ministro berriei
Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramaileak "elkarrizketarako asmoa" dutela azpimarratu du eta eskua luzatu die sozialistei.
Agentziak | Erredakzioa
Alderdi politiko guztiekin “hitz egiteko, akordioak bilatzeko eta elkarrizketarako asmoa izatea” eskatu die Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ministro berriei. Halaber, PP gutxiengoan gobernatu behar duen legealdi honetan, susperraldi ekonomikoarekin eta lanpostu gehiago sortzen lagundu dezaten eskatu die.
Gobernu berria lanean hasi da jada eta lehenengo Ministro Kontseilua egin ondoren, Espainiako Gobernuak Alderdi Popularraren 137 diputatuen babesa duela gogoratu du Iñigo Mendez de Vigo Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroak. Era berean, beste alderdi batzuekin akordioak bilatu dituztela gaineratu du Mendez de Vigok.
“Horrek erakusten du akordioak bilatzeko eta elkarrizketarako asmoa benetakoa dela”, ziurtatu du.
Hala ere, Rajoyren Gobernu berriak ez duela akordiorik bilatzeko asmorik kritikatu du PSOEk. Adierazpen horien aurrean, Espainiako Gobernuaren bozeramaileak elkarrizketarako asmoa dutela azpimarratu du eta eskua luzatu die sozialistei.
“Ez dakit PSOEk zergatik esaten duen Gobernuak ez duela elkarrizketarako asmorik, baina akordioak bilatzeko eskua luzatzen diegu sozialistei”, gaineratu du bozeramaileak. Era berean, ministro berri guztiak euren egitasmoen berri Parlamentuan emateko prest daudela iragarri du Mendez de Vigo ministroak.
Ildo horretatik, Espainiako Gobernu berria jarraikortasunarekin aurrera jarraituko duela gaineratu du Mendez de Vigok. “Gobernuak susperraldi ekonomikoarekin, enpleguarekin zein lanpostu berriekin, erreformekin eta aurrekontu-egonkortasunarekin aurrera jarraituko du”, esan du. Hala ere, lan egiteko gogo handiak dituzten sei ministro berri daudela gogoratu du Espainiako Gobernuaren bozeramaileak.
Mendez de Vigoren arabera, gaur egungo helburu nagusia aurrekontuak Gorte Orokorretan aurkeztu eta onartzea da.
Horrekin batera errebalidak bertan behera uztea, indar guztien artean hezkuntza arloan itun nazional berria adosten lagunduko duen azpibatzordea sortzea Kongresuan, Toledoko Ituna aztertzea pentsioen sistema aldatzeko, elkarrizketarako asmoa bultzatzea edota finantziazio autonomikoari buruz sistema berriak bilatzea dira Espainiako Gobernu berriaren lehentasunak.
Gainera, Ministro Kontseiluak datorren astean tramitatuko du klima aldaketaren aurkako Parisko akordioa.
Beste alde batetik, bere aurreneko agerraldian, Mendez de Vigok eskerrak eman dizkio Saenz de Santamariari, bost urte hauetan bera izan baita Espainiako Gobernuaren bozeramailea.