Politika -
Katalunia
Forcadellek Kataluniako Auzitegiari: 'Ideien eztabaida ezin da mugatu'
Parlamentuko presidenteak helegitea aurkeztu du Kataluniako Auzitegi Nazionalak ikerketapean jartzeko erabakiaren kontra.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniaren deskonexio prozesua Parlamentuan eztabaidatzea baimentzeagatik haren kontra abiatutako auzibidearen kontrako helegitea aurkeztu du Carme Forcadell Kataluniako ganberaren presidenteak. Fiskaltzak hala eskatuta, eta desobedientzia eta prebarikazioa egotzita, ikerketa abiatzea erabaki du berriki Kataluniako Auzitegi Nagusiak. Forcadellek aurkeztutako helegitean argudiatzen denez, "ideien eztabaida ezin da legez kanpokoa izan", eta, beraz, eztabaida hori "ezin da mugatu".
Parlamenteko presidentearen hitzetan, Auzitegi Konstituzionalak "ezin du inor besteen ideiak eta jardun politikoa kontrolatzera behartu".
"Ez dago Parlamentuko eztabaida debekatzen duen zigor araurik, eta ezingo da halakorik egon. Ez dago Fiskaltzak iradokitzen duen ideien legez kanpoko eztabaidarik" argudiatu du idatzian.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epai bati ere erreferentzia egiten dio Forcadellek bere helegitean. Bertan adierazpen askatasuna "gizarte demokratikoaren eta honen garapenaren oinarrietako bat" dela gogorarazten du Auzitegiak.
Forcadellen iritzian, Fiskaltzaren eskaerak eta gerora etorritako Auzitegi Nagusiaren erabakiak "Estatuaren botere baten borondatea kontrolatzeko bidean inflexio puntua suposatzen dute".