Politika -

agiria

Oiseko zuloaren operazioa 'tranpa' bat izan dela adierazi du ETAk

"Indar polizialak gordeleku horretan zelatan egon zitezkeela sumatu baitzuen aspaldi ETAk", esan du agiri baten bidez. Gainera, hitza eman du aurreko konpromisoak bete eta berriak hartuko dituela.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreko urriaren 12an "indar polizialek ezagutzera eman zituzten armak zigilatze prozesutik kanpo" zituela esan du ETAk, gaur, ostirala, Garan eta naiz.infon argitaratutako ohar baten bidez.

"Indar polizialak gordeleku horretan zelatan egon zitezkeela sumatu zuen aspaldi ETAk", erantsi duenez. Hori dela eta, denbora luzean ETAko inor zulora joan ez dela azaldu du. "Beraz, indar polizialek ez dute ETAren zulo bat desegin, ETAren kontra prestatutako tranpa bat baizik", azpimarratu du.

Urriaren 18an sinatutako agirian azaldu duenaren arabera, "indar armatuen operatibo horren ondotik zabaldu diren datu eta informazioak gezurrez eta intoxikazioz beterik daude, Espainiako Barne ministroak propaganda egiten segitu nahi duelako".

Azkenik, prozesuan parte hartzen ari diren eragileei ere zuzendu zaie ETA, eta ziurtatu die hartutako "konpromiso guztiak betetzen saiatuko" dela eta "berriak ere" hartuko dituela. "ETAren hitza dute", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Frantzia argazkiak ETA gaur Gaurko azken orduko albistea Bakea eta adiskidetzea Euskadin