Politika -
Katalunia
Kataluniako Auzitegiak tramitera onartu du Forcadellen aurkako kereila
Fiskaltzak Kataluniako Parlamentuko presidenteak ikertu gisa deklaratzea eskatu du, desobedientzia eta prebarikazio delituak egotzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kataluniako Auzitegi Nagusiak tramitera onartu Carme Forcadell Parlamentuko presidentearen aurka Fiskaltzak aurkeztutako kereila. Fiskaltzaren esanetan, Carme Forcadellek desobedientzia eta prebarikazio delituak egin ei zituen Prozesu Eratzailearen Batzordeak aurkeztutako ondorioak Parlamentuan bozkatzea ahalbideratu zuenean. Parlamentuko funtzionario batek jakinarazi dio albistea Forcadelli.
Jose María Romero de Tejada Kataluniako fiskal nagusiak izan zen Kataluniako Justizia Auzitegi nagusian Kataluniako Parlamentuko presidentearen aurkako kereila formala aurkeztu zuena, eta "ordenamendu juridikoaren" kontrako akordioak onartzeagatik eta Auzitegi Konstituzionalaren esanei jaramonik ez egiteagatik ikertu gisa deklaratu dezala eskatu zuen.
Jesus Maria Barrientos, Carlos Ramos eta Maria Eugènia Alegretek osatutako zigor eta arlo zibileko salak atzo hiru orduko bilera egin zuen Fiskaltzaren kereilari buruzko erabakia hartzeko.
Espainiako Konstituzioa dinamitatzeaz gain, bere "helburu sezesionista" abian jartzeko Kataluniako Parlamentuko araudia "modu bidegabean" erabiltzea ere aurpegiratu zion Fiskaltzak Carme Forcadelli.
Auzitegiaren erabakiaren berri izandakoan, Forcadellek haren Twitter kontuan adierazi du Parlamentuan hiritarrei eragiten dien gai guztiez hitz egin ahal izatea defendatzen jarraituko duela.