Politika -

Krisia PSOE-N

Odon Elorzak eta PSCk 'ez' bozkatuko dute Rajoyren inbestiduran

Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak abstentzio teknikoa eskatu du.

PSEk eta PSNk abstentzioaren 11 boto defendatze dituzte

1:52

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEren Batzorde Federalak igandean erabakitakoaren kontra, Mariano Rajoyren inbestiduran PSCk 'ez' bozkatuko duela iragarri du Miquel Iceta Kataluniako sozialisten buruak.

Rajoyren inbestiduraren bigarren bozketan abstenitu egingo dela erabaki zuen igandean Batzorde Federalak, 139 aldeko botorekin (96, kontra).

Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiak astelehen honetan nabarmendu duenez, PSCk Kongresuan dituen ordezkariek "ez" bozkatuko dute Mariano Rajoyren inbestiduran, PSOEko alderdikideek "bozkatzen dutena gorabehera".

RAC1 irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean, koherentziagatik, "ez dugu beste aukerarik", esan du Icetak.

Icetaren esanetan, prest daude alderdiaren boto diziplina hausteak ekar litzakeen ondorioak onartzeko.

Odon Elorza Gipuzkoako PSE-EEren diputatuak Twitterren egin du iragarpena, mezu honekin: "Diputatu sozialista naizen aldetik, EZ bozkatuko dut, etika arduratsu bategatik eta PSOEren aldaketa proiektuari eta hauteskundeetan hartutako konpromisoari zor diodan errespetuagatik".

 

 

Elorzaren iritzian, alderdiaren erakunde gorenak hartutako erabakiak PSOEren aldaketa proiektuaren "sinesgarritasunari kalte" egiten dio, eta militanteekin eta boto-emaileekin hartutako konpromisoa urratzen du.

Hori dela eta, ezezko botoa emango diola iragarri du, PSCk, Susana Sumelzo Aragoiko diputatuak eta Margarita Robles epaileak bezalatsu.

Abstentzio teknikoa

Rajoyren inbestiduran 'ez' bozkatzearen alde agertu dira PSN eta PSE-EE ere. Gaurkoan abstentzio teknikoa ahalbidetzeko eskatu diote biek ala biek PSOEko Batzorde Kudeatzaileari.

Maria Chivite PSNko idazkari nagusiak "azkarra" izateko eskatu dio PSOEren erakunde horri. "Ez dezala alderdia gehiago apurtu, ez dezala haustura hori gehiago azalarazi", esan du. Chiviteren aburuz, "Espainiaren gobernagarritasuna ahalbidetzeko ez da PSOEren 84 diputatuen abstentzioa behar".

Ildo beretik mintzatu da Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia ere. Alderdia "ez apurtzeko erantzukizuna" eskatu die batzordeari eta talde parlamentarioari. Haren hitzetan, "ezin zaio PPri PSOEren balio politiko guztia eman, batez ere Rajoy presidente egiteko 11 abstentziorekin nahikoa dela jakinda".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak PSOE Mariano Rajoy PSE-EE Gipuzkoa Eguneko albisteak