Politika -
Auzitegi Nazionala
Epaileak 'Naparra'ren auzia ireki eta gorpua bilatzeko agindua eman du
Frantziari igorritako idatzian eskatu du Paco Etxeberriaren txostenak jasotzen duen tokian bilatzea. Familiaren hitzetan, "aurrera pauso garrantzitsua da, baina ez azkena".
Agentziak | Erredakzioa
Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak Jose Miguel Etxeberria Naparraren auzia ireki du berriz eta haren gorpua bilatzeko eskatu dio Frantziari.
Frantziari igorritako eskaeran, epaileak eskatzen du bilaketak egitea Paco Etxeberria auzitegi-medikuak abuztuan kaleratutako txostenak jasotzen duen tokian, Landetako zonalde batean, alegia.
Halaber, epaileak bi lekuko deitu ditu deklaratzera urriaren 26ra. Lehena Paco Etxeberria bera da eta bigarrena, berriz, Iñaki Errazkin kazetaria. Hain zuzen ere, Errazkinek eman zion familiari gorpuaren kokalekuaren inguruko datuen berri, hirugarren lagun baten eskutik lortuta.
Epaileak gaineratu du ez duela arazorik familia bilaketa lanetan egon dadin.
Eskaria zuzenean helaraziko zaio Mont Marsaneko Instrukzio Epaitegiari, gorpuaren balizko bi kokalekuren txostenaren koparekin batera.
Familia
Naparraren familiaren ustez, gaurko hau aurrera pauso garrantzitsua da, ‘’baina ez azkena’’. Hala, Eneko Etxeberria Naparraren anai pozik agertu da erabakiarekin, hori lortzeko borrokan aritu baitira 2004tik, Auzitegi Nazionaleko Penaleko Aretoak auzia artxibatzea erabaki zuenetik, azpimarratu duenez. Uste du aurrera pauso garrantzitsua den arren, ez dela azkena, eta "gertatutakoaren egia jakitea" ezinbestekotzat jo du: "Nork, non, nola eta zergatik’’.
Horri lotuta, adierazi du lehen pausoa gorpua aurkitzea dela, baina gero beharrezkoa dela gertatutako ikertzea.
Fiskaltzaren eta familiaren eskaera
Ismael Moreno epaileak hartu du erabakia, Javier Zaragoza Auzitegi Nazionalaren fiskal nagusiak egindako eskariaren ostean.
Naparra 1980ko ekainaren 11n desagertu zen, eta haren bahiketa eta hilketa Batallon Vasco Españolek hartu zituen bere gain. Etxeberria familiak haren auzia berriz irekitzea eskatu zien Fiskaltzari eta Auzitegi Nazionalari, informazio berria duela argudiatuta.
Sendiaren arabera, "Estatu terrorismoari" eta halako ekintzak egin zituztenei lotutako "isilpeko iturri batek" jakinarazi zien Naparraren gorpua Mont-de-Marsan inguruan zegoela lurperatuta.
Ondoren, Javier Zaragoza Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, idatzi baten bidez, Moreno epaileari adierazi zion familiak emandako informazioa "garrantzitsua" dela, eta kasua berriro zabaltzeko.
Orain, epaileak auzia ireki eta gorpua bilatzeko agindua eman du. Horren arabera, familiak emandako informazio horrek datu berriak eskaintzen ditu Naparraren hilotza zein toki zehatzetan dagoen jakin ahal izateko.