Politika -

LEP-ren kontrako errekurtsoa

Erkoreka: 'Ertzaintzaren kontrako jarrera arbuiagarria da oso'

Espainiako Gobernuak helegitea jarri du Ertzaintzaren 26. promozioaren aurka. Jaurlaritzaren bozeramailearen hitzetan, "adostutako parametroen arabera" ari dira.

Ertzaintzaren lan eskaintzaren aurkako errekurtsoa ulertezintzat jo du

0:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak Ertzaintzaren 26. promozioaren kontrako helegitea jarri du, aurrez 25. eta 24. promozioekin egin zuen bezala. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozemailearen aburuz, "ulergaitza eta arbuiagarria da oso Gobernu zentralak Ertzaintzaren garapenaren kontra duen jarrera".

Gobernu bileraren ostean prentsaurrekoa eman du Erkorekak, eta Espainiako Gobernuak Ertzaintzaren Lan Eskaintza Publikoen aurrean duen jarrera kritikatu du. Horren hitzetan, Jaurlaritzak ez du ulertzen zergatik duen PPren gobernuak "horren jarrera txarra" Jaurlaritza "adostutako parametroen arabera" ari baita. Bozeramaileak gogorarazi duenez, 8.000 agente izatea hitzartu zuten bi gobernuek, eta "muga horren baitan ari da" Jaurlaritza.

Erkorekaren esanetan, erretiroek utzitako plazak betetzen eta lanpostu beharrizanei jarraiki ari dira lanpostuak kaleratzen, "segurtasun publikoa bermatzeko".

Horrenbestez, Jaurlaritzaren bozeramailearen ustez, "ulergaitza eta arbuiagarria da oso Gobernu zentralak Ertzaintzaren garapenaren kontra duen jarrera".

26. promozioaren kontra aurkeztutako helegitearen berri bakarrik du Jaurlaritzak, eta ez daki salaketarik jarri duen. Hala, horren gai "delikatua" izanik, "erantzukizunez" jokatuko dutela iragarri du Erkorekak. Hortaz, zain egongo dira Espainiako Gobernuak emandako argudio juridikoak ezagutu arte: "Hortik aurrera, erabakiko dugu zer egin".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erdekidegoko Polizia Eusko Jaurlaritza albisteak