Politika -
Ustelkeria
Gürtel auziaren lehen epaiketa asteartean hasiko da
Luis Barcenas PPko diruzain ohia akusatuen eserlekuan egongo da lehen aldiz, tramako gainerako ustezko 'buruzagiekin'.
Agentziak | Erredakzioa
Gürtel auziaren lehen makro-prozesua astearte honetan hasiko da, Auzitegi Nazionalean. Hori dela eta, Luis Barcenas PPko diruzain ohia akusatuen eserlekuan jesarriko da lehen aldiz, tramako ustezko gainerako 'buruzagiekin'. Suitzan bildutako 48,2 milioi euroak nondik atera zituzten erantzun beharko diote epaileari.
Espainiako Estatuan aurten egingo den epaiketa esanguratsuenetakoa izango da. Izan ere, guztira 37 akusatu dira, eta horietako askok lotura dute gaur egun Espainian jardunean dagoen Gobernuarekin. Gürtel tramari esker irabaziak lortu izana egotzi die Justiziak PP alderdiari berari eta Ana Mato Osasun ministro ohiari. Horiez gain, Rodrigo Rato, Angel Acebes, Francisco Alvarez Cascos eta Esperanza Agirre PPko buruzagi ohiek testigantza eman beharko dute.
Gobernuaren osaketa ezbaian dagoela, hedabideen ikusmina izugarria da. 50 komunikabidek baino gehiagok minutuz minutu kontatuko dute epaiketak ematen duena. Hiru epailek hartu dute parte sei urte inguru iraun duen instrukzioan.