Politika -
Katalunia
Homs: 'Ebazpena aurretik idatzita dago eta zigor-epaia izango da'
Homsek Auzitegi Gorenean deklaratu du, Kataluniako galdeketagatik. Auzi honetan berme judizialik ez dagoela salatu du, Gobernuak epaitegiak erabiltzen dituelako prozesu independentistaren aurka.
Agentziak | Erredakzioa
Francesc Homs Generalitateko Presidentzia kontseilari ohi eta Democracia i Libertad (DiL) alderdiko diputatuak ia bi orduz deklaratu du gaur, Auzitegi Gorenean, 2014ko azaroaren 9an egindako galdeketan izan zuen arduragatik. Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zuen galdeketa.
Homs ziur agertu da ebazpena bera aurkakoa izango dela, hau da, zigortu egingo dutela, baina azpimarratu du epaia ez dutela politikoki onartuko.
Auzitegi Gorenean deklaratu ostean egin duen agerraldian, Artur Masek edo Neus Muntek lagunduta, gogor kritikatu du auzi judiziala: epaitegiak Alderdi Popularraren Gobernuarekin ildo beretik ari direlako, “politika epaitegien” bidez egiten ari direlako.
“Prozesu hau ez da judiziala, politikoa da eta berme juridikorik gabe egiten ari dira, prozesu independentistari eskarmentua emateko asmoz, baina kontrako efektua lortuko dute”, nabarmendu du.
Fiskaltzaren papera gogor kritikatu du, Alderdi Popularraren jarduneko Gobernuaren “beso armatua” dela esanda.
Epaileen galderen tonua aintzat hartuta, epaia “aurretik idatzita” dagoela deitoratu du. “Hasi aurretik dute idatzita ebazpena eta horrek prozesua politikoa dela erakusten du”, erantsi du.
“Beldurrarazi nahi gaituzte, gure jarduera murriztu nahi dute eta, goi-kargu batek aitortu zidan moduan, prozesua porrot egin dezan eskarmentua jasotzea nahi dute, baina jarrera horrek erakusten du ez direla hau guztia zertaz doan konturatu”, ohartarazi du.
Artur Masek gogoratu du kontsultak egitea "demokratikoa" dela
Artur Mas Generalitateko presidente ohiaren hitzetan, "ohiz kanpokoa eta erabat desegokia" da Homsen aurkako prozesua. Masek ekimen politikotzat jotzen duen arazoa epailearen aurrera eraman izana egotzi dio Espainiako Gobernuari.
Ildo horretan, 2014ko galdeketa herritarrek eskatutako ekimen "erabat demokratikoa eta baketsua" izan zela babestu du.
Masek gidatutako ordezkaritza batek lagundu dio Homsi Auzitegi Gorenera. Neus Munte, Marta Pascal, Irene Rigau alderdikideak, Xavier Trias Bartzelonako alkate ohia eta Jordi Turull Junts pel Siko ordezkaria ere bertan izan dira. Epailearen aurrean deklaratu ostean, Homsek hedabideen galderei erantzungo die.
Auzitegi Gorenak Kataluniako Auzitegi Nagusiari bidali zion zitazioa, azken horrek Homsi helarazi ziezaion; izan ere, Generalitateko Presidentzia kontseilari ohia ez da agertzen maiatzaren 19an irekitako auzian. Diru publikoa bidegabe erabiltzea, prebarikazioa eta desobedientzia delituak leporatzen dizkiote Homsi.
Homsek, foruduna izaki, Auzitegi Gorenean deklaratu beharko du. Bestalde, hemendik gutxira, delitu berberengatik erantzun beharko dute Artur Mas, Joana Ortega eta Irene Rigau Kataluniako Gobernuko kide ohiek Kataluniako Auzitegi Nagusiaren aurrean.
Gaur Auzitegi Gorenean egin den deklarazioan, "Katalunia osoaren izenean" hitz egingo zuela eman zuen aditzera atzo Francesc Homs Generalitateko Presidentziaren kontseilari ohiak eta Democracia i Libertad (DiL) alderdiko Kongresuko diputatuak.
Bestalde, Homsek esan zuen "ez duela ez alderdiaren ez lotura politikoen izenean hitz egingo, herrialde oso baten izenean baizik". Eta "begietara zuzenean begiratuta, balore jakin batzuk, erabaki zehatza eta nahi erostezin bezain aldaezina" ordezkatzen dituztela defendatuko duela azpimarratu zuen: "hautetsontzien bidez estatu independentea lortzeko eskubidea", hain zuzen ere.
Kontseilari ohia Arenys de Munt herrian omendu zuten Artur Mas Generalitateko presidente ohiarekin batera; izan ere, orain dela zazpi urte han egin zuten lehen galdeketa soberanista.