Politika -

Katalunia

Erreferenduma 'egingarria' bada bakarrik deituko du Puigdemontek

Erreferenduma edo hauteskunde eratzaileak 2017ko uda baino lehen egitearen alde agertu da Oriol Junqueras.

Puigdemont, aurtengo Diadan. Argazkia: EFE
Puigdemont, aurtengo Diadan. Argazkia: EFE
Erreferenduma 'egingarria' bada bakarrik deituko du Puigdemontek

1:49

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako independentziaren inguruan erreferenduma deitu nahiko luke Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak, baina bi baldintza bete beharko lirateke, horren hitzetan: bata, kontsulta "egingarria" izatea, eta bestea, emaitza "loteslea" izatea. Hori posible ez balitz, 2017ko Diadarako "hauteskunde konstituziogileak" deituko lituzke.

Hala adierazi du gaur, 2016ko Diadaren biharamunean, Catalunya Radio irrati katean egin dioten elkarrizketan. Bertan nabarmendu duenez, bidaia orriaren pauso eta aldaketa guztiak independentziaren aldeko 72 diputatuekin (Junts pel Si eta CUPenak) adostu behar dira.

Generalitateko presidentearen aburuz, erreferenduma "tresnarik onena da, hemen eta mundu guztian", baina "egitekotan berme guztiekin egin behar da". Puigdemonten esanetan, "egingarria, ziurra eta integratzailea bada, ez dugu amore emango, Estatuarekin negoziatzen jarraitu behar dugu".

Ituna Estatuarekin

Egingarri hitzaren esanahiaz galdetu diotenean, Estatuarekin adostutakoa edota alde bakarrekoa izan beharko lukeen galdetuta, honakoa erantzun du Puigdemontek: "Ez dut esan Estatuarekin adostutakoa izan behar duela, esan dudana da egingarria izan behar dela".

Nolanahi ere, itun hori erdiesteko "itxaropen gutxi" duela nabarmendu du Generalitateko presidenteak. Horren hitzetan, Espainiako politikan dagoen "blokeo egoera" Estatuko alderdi handiek Kataluniaren eskaerei erantzuteko duten "ausardia falta"ren ondorio da.

"Alde bakarreko" hitzak saihestu ditu Puigdemontek, eta Estatuari egotzi dio jarrera hori. Erreferenduma "egingarria eta loteslea" izan behar dela azpimarratu du.

Kataluniako gobernuburuaren iritzian, "erreferendumak % 50etik gorako babesarekin irabazten dira". Estatuarekin negoziatzeko prest agertu da, batez ere emaitzen eta parte hartze datuen gutxiengo portzentajeei buruz, baina alde baten ?Estatuaren? "joko-arauen" inposizioak onartu gabe.

Deskonexio legeak, udarako

Erreferenduma egiteko aukera baztertuko balitz, gaur egun mahai gainean dagoen bidaia orriari eutsiko lioke Puigdemontek; alegia, irailerako hauteskunde konstituziogileak deituko lituzke, eta independentziaren aldeko aukerak irabaztekotan, Katalunia estatu aldarrikatuko luke.

Hori baino lehen, Kataluniako Parlamentuaren agindua betetzeko konpromisoa dutela nabarmendu du; hau da, Estatuarekiko deskonexio legeak ekainerako edo, asko jota, uztailerako onartzea.

Erreferenduma edo hauteskundeak, bietako bat, "iraila baino lehen" deitzeko konpromisoa hartu du Puigdemontek.

"Legea bere osotasunean aplikatuko da"

Rafael Catala jarduneko Justizia ministroaren esanetan, erreferenduma, adostua ala ez, legez kanpokoa da; beraz, "legea bere osotasunean aplikatuko zaio" horrelako irregulartasunen bat egiten duenari".

"Adostutako galdeketa egitea ez dago jasota gure legedian. Gakoa burujabetza nazionalean datza, espainiar guztiona da, ez alde batena bakarrik", esan du Catalak RNEk egindako elkarrizketa batean.

"Egungo Konstituzioa baliatuz, inoiz ez da posible izango alde batek zer izan nahi duen erabakitzea. Denok erabakitzen dugu. Puigdemontek ez du gaitasunik nahi duena egiteko; denok gaude jokoaren arauen menpe", azpimarratu du.

Jarduneko ministroaren esanetan, "Katalunian legeak eta epaiak betetzen dira, gainerako erkidegoetan bezala baitaude bertan legeak indarrean". Hori dela eta, "arduradun politikoek ere legeak bete behar dituzte", eta egiten ez dutenean, "ondorioak onartu behar dituzte".

"Elkar-ulertzeko borondatea"

Iñigo Urkullu lehendakari eta EAJren lehendakarigaiaren aburuz, "garrantzitsua" da Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak "elkar ulertzeko borondatea eta adosteko beharra nabarmentzea, manifestazio handiez harago".

Radio Vitorian eskaini eta Europa Pressek jaso duen elkarrizketa batean, hautagai jeltzaleak esan du "garrantzitsua" dela datorren legealdian Espainian 2004an egon ez ziren indarrak egotea Gorte Nagusietan, urte horretan "Eusko Legebiltzarrean onartutako Estatutu berri batek (Ibarretxe Plana) ezezkoa jaso baitzuen".

2017ko uda baino lehen

Oriol Junqueras ERCren buru eta Generalitateko presidenteordea erreferenduma edo hauteskunde eratzaileak, Kataluniako independentziari begira, 2017ko uda baino lehen egitearen alde agertu da.

"Herritarrek hitza hartu behar dute lehenbailehen, erreferenduma eta hauteskunde eratzaileak eginda", edo alderantziz, esan du Junquerasek Rac1ek egindako elkarrizketa batean, Puigdemontek horietako bide bat hartuko duela iragarri ostean.

Lehendabizi erreferenduma eginez gero, funtzionarioek ez dute legez kanpoko ezer egingo, esan du, "aurretik legeak egingo direlako" Kataluniako Parlamentuan, bide hori babesteko, Kataluniako legedira egokituta eta bideragarri eginda.

Junqueras "independentziarako bide demokratiko guztien alde" agertu da, bai erreferendumaren bidez, bai hauteskunde eratzaileen bidez, eta gogorarazi du JxSi koalizioak erakundeak prestatzeko hitza eman zuela, 18 hilabeteko epean independentzia lortzeko.

"Egin daitekeenaz hitz egin"

Xavier Garcia Albiol Kataluniako PPren koordinatzaile nagusiak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearekin hitzordua eskatzeko eskatu dio Puigdemonti, "egin daitekeenaz hitz egiteko". Horren barruan ez da erreferenduma egitea aurreikusten.

"Ganorazkoa eta sinesgarria izan nahi badu, Rajoy presidentearekin hitzordua eskatu behar du, edonolako erreferenduma iragarri baino lehen", azaldu du prentsaurrekoan.

"Beste bi urte galtzeko"

Ines Arrimadas Kataluniako C's alderdiko buruaren esanetan, Puigdemontek egindako proposamena "katalanek beste bi urte galtzea" litzateke.

"Hasierako laukira itzultzea? 2010era? Kataluniak ezingo luke", esan du. Gainera, gogorarazi duenez, hauteskunde katalanak independentziaren plebiszitu-hauteskundetzat eta erreferendumtzat hartu zituzten, botoen gehiengoa lortu ez zuten arren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Politika albisteak Eguneko albisteak Pere Aragonès