Politika -
Negoziazioak
Rajoyk ez dio erantzun Ciudadanosi, eta ez du inbestidura data jarri
PPren zuzendaritzak baimena eman dio Ciudadanosekin negoziatzen hasteko, baina gogorarazi du Gobernua osatzeko ardura ez dela "bakarrik" PPrena.
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoyk asteazkenean esan duenez, PPren Batzorde Exekutiboan ez dute hitz egin Ciudadanosen baldintzen gainean; erabaki dute, aldiz, Albert Riveraren alderdiarekin negoziatzen hastea. Halaber, bermatu du bere esku dagoen dena egingo duela Gobernua osatzeko, baina ohartarazi ere ohartarazi du nola beharrezkoa den, horretarako, PSOEk urrats bat ematea.
PPren zuzendaritzarekin bilduta egon ostean egin ditu Rajoyk adierazpenok; bileran, baimen osoa eman diote Espainiako jarduneko presidenteari Ciudadanosekin negoziatzeko.
Aurreratu duenez, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin hitz egin nahi du, jakiteko ea azken horrek nahi duen "hauteskundeak errepikatzea", eta argi izateko Sanchezek zein irizpide duen "inbestidurarako bere iritzizko datarik onenaren gainean".
"Badirudi PSOEk nahiago duela hauteskundeak errepikatzea, baina niri hori ez zait gustatzen; hori dela eta, egokia da, zorterik badut, Pedro Sanchezekin elkarrizketa izatea", nabarmendu du Gobernuburuak.
Rajoyk ez du eman inbestidura-saiorako datarik (Ciudadanosek hala eskatu zion, beste baldintza batzuekin batera), baina hitzeman du ahal duen guztia egingo duela Gobernua osatzeko; hala ere, ohartarazi du "erantzukizuna" ez duela "PPk, bakarrik", eta inbestidura ez dela posible izango "baldin eta PSOEk ez badu beharrezkoa den urrats hori ematen".
PPren liderrak azpimarratu duenez, Ciudadanos eta Coalicion Canariaren baiezko botoa lortuz gero (CCrekin ere negoziazioak ditu abiatuta), 170 boto izango lituzke, baina gutxienez hamaika abstentzio beharko lituzke Gobernuaren presidente inbestituta izateko.
Adierazi duenez, "burugabekeria da egoera hau luzatzea"; eskerrak eman dizkio zuzendaritzari, Ciudadanosekin negoziatzeko baimena emateagatik, eta hitzeman die espainiarrei "amaierara arte" borrokatuko duela "hauteskundeak berriro ez egiteko, eta Espainiako politikak heldutasuna berreskuratzeko".
Rajoyk berretsi du bileran ez dituztela aztertu Ciudadanosek mahaigaineratutako baldintzak, eta gehitu du kontua ez dela hitz egitea inbestidura-saioaz, baizik eta Gobernua noiz osatuko den.
"Garrantzitsuena Gobernua osatzea da. Gakoa da Espainian Gobernua egotea, eta hauteskundeak berriro ez deitu behar izatea", nabarmendu du.
PSOE: "Adar-jotzea izan da"
Bestalde, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak “adar-jotze”tzat jo du Rajoyk emandako erantzuna, eta inbestidura saioari data jartzeko exijitu dio. Gainera, berretsi du bozketa horretan ezetz bozkatuko dutela.
Kongresuan eskainitako prentsaurreko batean, Sanchezek esan du Rajoyk ez duela “aurrerapausorik” eman, jarduneko presidenteak gainerako alderdien “sumisioa” nahi duelako. “Oposiziorik gabe gobernatu nahi du”, ohartarazi du.
PSOEko buruaren esanetan, Rajoyk egindako adierazpenak ez dira “egokiak” presidenterako hautagai batentzat, espainiar guztiei “adarra jo” baitie. “Ez dakigu zein izango den inbestidura saioaren data, ezta aurkeztu egingo den ere, eta zer programarekin”, salatu du.
Horren hitzetan, “Rajoyk ez du eskubiderik erakundeak eta demokrazia gatibu izateko”. Horregatik, PPko buruak inbestidura saioaren data ezarri behar duela nabarmendu du.
Ciudadanosek baldintzak onartzeko deia egin du
Testuinguru horretan, Jose Manuel Villegas Ciudadanoseko idazkariorde nagusiak ohartarazi du bere alderdiak ez duela “negoziatuko” PPrekin, Rajoyk euren baldintzak onartu arte.
Villegasek baieztatu du Rajoy eta Albert Rivera Ciudadanoseko presidentea bilduko egingo direla bihar, eta espero duela bilera horretan PPko hautagaiak euren baldintzak onartzea.
Azaldu duenez, Ciudadanosek ez dio “ultimatumik” eman PPri, baina Rajoyk erabakiak hartu behar dituela esan du.