Politika -
Aste erabakigarria
Rajoy PPren zuzendaritzarekin izango da gaur, Riverarekin negoziatzeko
Aurreikuspenek diotenez, jarduneko presidenteak negoziazioei ekiteko babesa jasoko du, baina badirudi Albert Riverak ezarritako baldintzei ñabarduraren bat gehitzen saiatuko dela PP.
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoyk PPren zuzendaritza deitu du asteazken honetarako, xede izanik Ciudadanosekin negoziatzeko babesa bereganatzea, eta baieztatzea Riveraren alderdiak ezarritako baldintzak onartzen dituela. Ciudadanosekin adostasuna lortuta, inbestidurari begira negoziatzen hasiko lirateke.
12:30etik aurrera, PPren nazio-egoitza bilduko da PPren zuzendaritza Rajoyrekin. Ciudadanosek sei baldintza jarri dizkio PPri; berez, zazpi dira, inbestidurarako data bat ezartzeko konpromisoa ere baitago tartean.
Ez da ustekaberik espero, eta badirudi PPk baiezkoa emango diola Mariano Rajoyri, baina, iturri batzuen arabera, ñabarduraren bat egin liezaieke PPk Riveraren baldintzei. Hainbat kasutan, gainera, baldintza horiek PSOEren babesa ere beharko lukete, konstituzio-erreforma bat ere ekarriko luketelako.
Nolanahi ere, horien ustez, baldintza guztiak dira onargarriak (ustelkeriaren aurkako borroka eta birsorkuntza demokratikoaren gainekoak dira). Horien artean, PPren balizko legez kontrako finantziazioa ikertzeko batzordea legoke; izan ere, batzorde hori PPren ezezkoarekin ere egin liteke, baldin eta alderdi guztiek aldeko botoa emango balute.
Ciudadanosek PPri ohartarazi dionez, baina, baldintza horiek ezin dira negoziatu.
Pedro Sanchezek Batzorde Iraunkorra deitu du ezezkoa berresteko
Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak, bere aldetik, bilera deitu du Kongresuan, eta bere alderdiaren Batzorde Iraunkorrarekin eta Talde Sozialistaren zuzendaritzarekin bilduko da eguerdian. Batzorde Federalak hartutako erabakia (Mariano Rajoy presidenteari ezezkoa ematea, alegia) berretsiko dute bertan.