Politika -
Espetxe politika
Aitzol Gogorza ETAko preso gaixoak gose greba abiatu du
Presoak hilaren 6an hasi zuen baraualdia, aske uztea aldarrikatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Etxeratek iragarri du gaixotasun larriak dituen Aitzol Gogorza ETAko presoak gose greba abiatu zuela hilaren 6an, Basauriko (Bizkaia) espetxean, aske geratzea aldarrikatzeko.
Elkarteak agiri batean azaldu duenez, 2014an Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak ondorioztatu zuen Gogorzak honako gaixotasunak dituela: nahasmendu obsesibo-konpultsiboa eta desoreka depresiboa, bere buruaz beste egiteko arriskuarekin.
Halaber, Etxeratek gogorarazi du presoak 20 urteko espetxe zigorretatik 17 bete dituela jada, eta hainbat baimen eskatu baditu ere, Basauriko Espetxetik denak ukatu dizkiotela.
"Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen askatasuna ukatzea, dispertsio politikaren baitako salbuespen neurrietako bat da, eta horrekin, presoen osasun eskubidea urratu eta haien senide eta lagunen oinazea areagotzen du", gaineratu du.