Politika -

Gobernagarritasuna

Rajoy Sanchezekin bilduko da, sozialisten abstentzioa negoziatzeko

Rajoyk eta Sanchezek Kongresuan dute hitzordua, 11:30ean. Erregeak hautagai bezala proposatu zuenetik PPko buruzagiaren aurreneko bilera da.

Mariano Rajoy eta Pedro Sanchez aurreko bilera batean. Artxiboko irudia: EFE
Mariano Rajoy eta Pedro Sanchez aurreko bilera batean. Artxiboko irudia: EFE
Mariano Rajoy eta Pedro Sanchez aurreko bilera batean. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy jarduneko Gobernuko presidentea eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia bilduko dira gaur, negoziazio bide bat zabaltzeko. PPko buruzagiak sozialisten abstentzioa lortu nahi du inbestiduran.

Rajoyk eta Sanchezek Kongresuan dute hitzordua, 11:30ean. Iragan ostegunean erregeak hautagai bezala proposatu zuenetik PPko buruzagiaren aurreneko bilera da.

PSOEko buruzagiari agiri programatiko berri bat aurkezteko borondatea du Gobernuko presidenteak. Hala, PPren neurrien eta sozialistek Ciudadanosekin otsailean sinatutako itunaren arteko bateragarritasunak azaldu nahi dizkio Rajoyk.

Negoziatzen hasteko oinarria izango litzateke, datorren urteko Aurrekontu Orokorrak garaiz onartzeko eta EBren helburu fiskalak betetzeko.

Gai guztiez hitz egiteko prest agertuko omen da Rajoy, adostasun handia dagoenetatik, Kataluniaren desafioa edo terrorismoaren aurkako borroka, desadostasunak daudenetara: lan erreforma, esaterako.

Sozialisten ezezkoa

PPren eskaintzaren aurrean, inbestiduran aurkako botoa emateko jarrera berretsiko du Sanchezek, nahiz eta Felipe Gonzalez Gobernuko presidente ohiak PSOE abstenitzeko eskatu.

Rajoyk Ciudadanosen, EAJren eta Convergenciaren babesa bilatu behar duela uste du idazkari nagusi sozialistak, ez PSOErena. Oposizioko alderdi nagusi eta alternatiba gisa PPri mesede egiterik ez dutela esan du Sanchezek.

PPko agintarien eta Rajoyren azken egunetako “adierazpen kontraesankor eta anbiguetatearen” aurrean, Sanchezek “erantzun argiak” entzun nahi ditu gaur. Nahiz eta babes nahikorik ez izan, Rajoy inbestidurara aurkeztuko ote den galdetuko dio PPko buruzagiari edo erregearen enkarguari berriro uko egingo dion.

Era berean, inbestidura saioaren data Ana Pastor Kongresuko presidentearekin adostu ote duen galdetuko dio.

Abenduaren 20ko hauteskundeetatik Rajoyren eta Sanchezen arteko laugarren bilera da gaurkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Espainiako Gobernua albisteak Pedro Sánchez bideoak Gaurko azken orduko albistea