Politika -

Espainiako Gobernua

Rajoyk erregearen eskera onartu, baina ez du inbestidura bermatu

PPko burua gobernua osatzen saiatuko da, baina ez du argitu zer egingo lukeen babes nahikoak lortzen ez baditu.

Rajoyk ez du inbestidura bermatu

1:21

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidente eta PPko hautagaiak onartu egin du gobernua osatzen saiatzeko Felipe VI.a erregeak egindako eskaintza, baina ez du bermatu inbestidura saiora aurkeztuko denik babes nahikoak lortzen ez baditu.

Zarzuela Jauregian erregearekin bildu ostean eskainitako prentsaurreko batean, Rajoyk aitortu egin du oraindik ez duela babes nahikorik berriz ere presidente izateko, eta baztertu egin du aurreratzea noiz egingo duten inbestidura saioa.

Jarduneko gobernuburuak konpromisoa hartu du "ahalegin guztiak" egiteko, "Espainiako behar dituen akordioak lortzeko".

Horren ildotik, negoziazioetan "lehentasuna" indar "konstituzionalistak" izango dituela azaldu du, eta "zentzuzkoa" ikusi du horiekin akordioa lortu ahal izatea.

Rajoyren esanetan, bilera-sorta bat abiatuko du orain, erregeak eskatuta, eta ondoren iragarriko du inbestidura lortzeko babes nahikoak dituen. Hori bai, ez du argitu zer egingo lukeen bilera horietan babes gabe jarraitzen badu.

Espainiako Konstituzioaren 99. artikuluaren lehen puntuaren arabera, erregeak hautagai bat proposatu behar du Gobernuko presidenterako, ordezkari politikoekin kontsultak egin ostean.

Artikulu horren bigarren puntuan, legegileek ezarri zuten hautagai horrek agerraldia egin behar duela Diputatuen Kongresuan.

Horrenbestez, Konstituzioak ez du aurreikusten erregearen eskaintza onartu ostean inbestidura saiora ez aurkeztea, eta, beraz, ez dago argi Rajoyk ezetza eman dezakeen.

Pastorrek "denbora" emango dio Rajoyri

Rajoyren agerraldiaren ostean, Ana Pastor Kongresuko presidenteak iragarri du "denbora" emango diola PPren hautagaiari, babesak lor ditzan.

Kazetariek hainbatetan galdetu diote Rajoy inbestidura saiora aurkeztuko ote den, babesak izan edo ez izan, baina Pastorrek ez du ezer argitu.

PSOE: "Konponbidea aste batzuk barru etorriko da"

Erregearen eta Rajoyren arteko bilera baino ordu batzuk lehenago, Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak berretsi egin du ez dutela PPren presidentegaiaren inbestidura-saioa erraztuko, eta oraingoan bere burua aurkezteko eskatu dio Rajoyri "ahalik eta arinen", gainera, ziur agertu da "datozen asteetan" konponbidea egon, egongo dela.

Blokea nola apur daitekeen azaldu barik, Sanchezek "konfiantza mezua" helarazi nahi izan dio gizarteari. Alabaina, esan du ezezko botoa emango dutela, ez abstentzioa, eta ez dutela gobernua izateko proposamenik egingo.

"Ziur nago gobernua egon eta legealdia martxan jarriko dela, eta ziur egon behar dute 350 diputatuengan konfiantza jarri dutenek halako egoera konplexua konpontzeko, konponbidea aurkituko dugula datozen asteetan", ziurtatu du.

Sanchezek Kongresuan egin du agerraldia, ordubetez erregearekin bildu ostean, Zarzuelan.

Idazkari nagusi sozialistak azpimarratu egin du Rajoyk "ardura konstituzionala" duela "aurrerapausoa" egiteko Kongresuaren konfiantza eskatzeko eta "demokraziaren motorra" abiatzeko.

Podemos: "Ezkerreko gobernua, zaila"

Bestalde, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren iritzian, ezkerreko blokea egitea, gaur egun, "oso zaila" da, PSOEren baitan dauden kontrako jarrerengatik eta Kataluniako Parlamentuak egindako apustua are eta zailago egiten duelako independentziaren aldeko alderdiekin akordioak egitea. Testuinguru horretan, Iglesiasek uste du Mariano Rajoy presidentegaiak gobernatu egingo duela, azkenean, Ciudadanos eta PSOE alde batera geratuko direlako.

Hala adierazi du Podemosen buruak, Felipe VI.arekin bilera egin eta gero, inbestidurarako hautagaia zehazteko bilera-sortaren baitan.

Kongresuan egindako prentsaurrekoan, Iglesiasek baieztatu du Unidos Podemosek kontrako botoa emango duela, inolako abstentziorik egin gabe, eta hala adierazi diotela Estatuburuari.

Podemosen arabera, onena litzateke PSOEk ezkerreko Gobernu baten aldeko pausoa ematea, baina onartu egin du aukera hori lehen baino zailagoa dela gauzatzeko, alderdiaren barruan borondate falta dagoelako Podemosekin hitz egiteko, eta Junts pel Si Kataluniako independentziaren alde egindako apustuak are eta zailago egiten du ERC eta CDC-PDCrekin akordioa lortzea, inbestidurarako bakarrik bada ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy albisteak