Politika -
Inbestidura
EAJk berretsi du 'ezetz' esango diola Rajoyri
EAErekiko "jarrera aldaketa" eskatu dio PPren presidentegaiari, baina ez du halakorik espero epe laburrean. Hori dela eta, ez du baztertzen hauteskundeak berriro errepikatu behar izatea.
agentziak | erredakzioa
Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak berretsi du "ezezko" botoa eman diola Mariano Rajoyri lehenengo eta bigarren bozketan, inbestidurarako aurkeztuko balitz. "Zurrumurruei" aurre egin nahi izan die horrela bozeramaile jeltzaleak, eta ez du baztertu hauteskundeak berriro errepikatzea.
"EAJk 'ez' bozkatuko du Rajoy inbestiduran aurkezten bada, eta bigarren bozketan, 48 ordura, berriro bozkatuko du 'ez'", azpimarratu du Estebanek erregearekin 40 minutuz bildu ostean Kongresuan eman duen prentsaurrekoan.
"Batzuek eta besteek nahita hedabideetan zabaltzen dituzten zurrumurruak" kritikatu ondoren, Estebanek EAErekiko "jarrera aldaketa" eskatu dio Rajoyri, nahiz eta aitortu ez dela halakorik izango epe laburrean.
Senatuan talde propioa izateko PPk senatariak utzi dizkiola eta, diputatu jeltzaleak esan du "kortesia" ekintza bat besterik ez dela izan, eta ukatu egin du PPrekin zubiak erakitzen ari direla.
Era berean, PSOEren eta Podemosen jarrera salatu du. Pedro Sanchezi eskatu dio ez egiteko presiorik beste alderdi batzuen kontra, eta duen ardura beregain hartzeko. Pablo Iglesiasi, berriz, "gehiago ez intoxikatzeko" eskatu dio.
Dena dela, alderdi politiko horiekin hitz egiteko prest agertu da indar ezkertiarren alternatiba eraikitzeko asmoa badute, baina uste du ez direla horretarako lanean ari. Horren aurrean, Estebanek ez du baztertzen hauteskundeak berriro errepikatzea.
Diputatu jeltzaleak gogor erantzun nahi izan dio EAJren eta PPren arteko ustezko gerturatzearen inguruan sortu den "vaudeville"ari, eta "aski" dela esan du behin eta berriz sumindura agertzeko.
Rajoyren inbestidura errazteko "abstentzio kolektiboa" emateaz galdetuta, argi erantzun du Estebanek: "Ez dakit nondik atera den aukera hori, eta batzuen eta besteen jarrerak ez garamatza horra".